Unai Villenak irabazi du Igartza literatur beka

elgoibarren.net 2014ko ira. 11a, 16:12

 
Idazle elgoibartar batek irabazi du, beste behin ere, Igartza literatura sorkuntzako beka. Unai Villenak (elgoibar, 1980) irabazi du oraingoan, aurrez Danele Sarriugartek (2012an) eta Uxue Alberdik (2005ean) ere irabazi zuten saria. Hauts haietatik izeneko eleberri proiektua aurkeztu zuen Villenak. Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza.



 Unai Villena izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Hamazazpi urte betetzen ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek; deialdi honetan hogeita bi proiektu aurkeztu dira, eta Hauts haietatik izeneko eleberri proiektua irabazletzat jotzea adostu dute Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Danele Sarriugarte epaimahaikideek.

 Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza, eta irabazlea Unai Villena izan da, Elgoibarren 1980an jaioa eta aurretik libururik kaleratu gabea. Industria-ingeniaria da Villena, Energia Berriztagarrien eta Iraunkortasun gaietan aditua, Gobernuz Kanpoko Erakundeetan lan egina eta gaur egun doktorego tesiko egonaldi batean dagoena, Alemanian.

 Bi lagunen harremana aurkezten digu eleberri honek: Oier eta Ander. 33 urte ditu Anderrek, eta bizitza ezegonkortzen dion koktela: drogen menpekotasuna eta eskizofrenia; Oier lagun idazlearen laguntzaz kontatuko digu bere bizitza, gaitz mentalen aurrean daukagun jarreraren salaketarekin batera, belaunaldi baten erretratua ere badena.
  • ELKARRIZKETA: Hauts haietatik eleberri proiektuaren inguruan elkarrizketa egin diote dute Unai Villenari postdata.elkar.com blogean.
Igartza Sariaren irabazleak, urtez urte
Igartza saria banatzen hasi zirenetik lau elgoibartar saritu dituzte. Korapiloak liburuaren proiektuagatik jaso zuen akzesita Jasone Osorok 1999an eta Uxue Alberdik, berriz, 2005ean Aulki bat elurretan lanagatik irabazi zuen beka. Azkenik, 2012an Danele Sarrigartek irabazi zuen.
  • 1998. Julen Gabiria, Connemara gure bihotzetan.
  • 1999. Xabier Etxeberria, Egun denak ez dira berdin. Akzesita: Jasone Osoro, Korapiloak.
  • 2000. Fernando Morillo, Ortzadarra sutan.
  • 2001. Unai Elorriaga, Van't Hoffen ilea.
  • 2002. Julen Gabiria, Han goitik itsasoa ikusten da.
  • 2003. Asel Luzarraga, Karonte.
  • 2004. Karmele Jaio, Amaren eskuak. Akzesita: Peru Magdalena, Lile.
  • 2005. Uxue Alberdi, Aulki bat elurretan.
  • 2006. Jon Martin, Ero.
  • 2007. Katixa Agirre, Habitat. Akzesita: Irati Jimenez, Nora ez dakizun hori.
  • 2008. Eider Rodriguez, Katu jendea.
  • 2009. Uxue Apaolaza, Hiltzailea.
  • 2010. Garazi Kamio, Gerizpeko panpinak.
  • 2011. Goiatz Labandibar, Interrail.
  • 2012 Danele sarriugarte, Mamuak.
  • 2013 Mikel Ayllon, Ez tiro egin anbulantziei
  • 2014 Unai Villena, Hauts haietatik