ELA gaixotasuna duten lagunei laguntzeko bustiko dira Sanlokoak

elgoibarren.net 2014ko ira. 16a, 17:25

Sanlo Elgoibarko Eskubaloi Kirol taldeko kideek bat egin dute Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (ELA) gaixotasuna duten lagunen aldeko mundu mailako kanpainarekin: baldekada ur izoztu burutik behera bota eta beste hiru lagun berbera egiteko izendatzea. Zarauzko Aiala eskubaloi taldearen izendapena jaso dute Sanlokoek. Kalegoen plazan egingo dute ekintza, zapatuan, 13:00etan. Deialdia parte hartu nahi duten guztiei zabalik dagoela jakinarazi dute.


 Baldekada Ur Izoztu kanpainak (Ice Bucket Challenge, ingelesez) oihartzun zabala izan du sare sozialeei eta Interneti esker, eta Elgoibarrera ere ailegatuko da. Aiala Zarauz eskubaloi taldeko jokalari baten amak ELA gaixotasuna duela-eta, kanpainarekin bat egin zuten zarauztarrek eta Sanlo kirol taldekoak izendatu dituzte ekintza kateari segida ematera. Sanlokoek jakinarazi dutenez, izendapena onartu dute eta zapatuan egingo dute ELA gaixotasuna duten lagunen aldeko ekintza.
600dik gora lagun bustitzea espero dute
  Izan ere zapatuan, hilaren 20an, Sanloko taldeen aurkezpena egingo dute, Sanlo Berrfest jaiaren barruan. Jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kideek, 600dik gora lagun guztira, familia argazkia aterako dute goizean, eta klubeko arduradunek horiek guztiek parte hartzea nahi dute Baldekada Ur Izoztuaren kanpainan. Horiez gainera, nahi duen orok parte har dezakeela jakinarazi dute klubetik. Asteburu guztian jardungo dute dirua batzen eta Adela Euskal Herria elkarteari emango diote gero batutako dirua, gaixotasuna duten pertsonentzako bideratu dezaten.
Gaixotasun gogorra
 Alboko esklerosi amiotrofikoa gaixotasun neurologiko endekatzailea da, ahultasun progresiboa, gihar-atrofia, faszikulazioak eta espastizitatea, disartria, disfagia eta arnasestua dakartzana. Burmuinetik giharretara aginduak bildatzen dituzten neuronek lana egiteari uzten diote. Denborarekin, giharreen funtzioak pixkanaka geratzen joaten dira, eta Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duen gaixoa paralizatuta geratzen da. Egoera horrek gaixotasuna aurrera doan heinean gainontzekoekin komunikatzea eragozten die ELA duten gaixoei. 200 bat lagunek dute gaixotasuna Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban.