Joan den astelehenean aurkeztu zuten 'Goazen gudari danok..." liburua, izen bereko erakusketa ikusgai dagoen Elgoibarko Kultur Etxean. Liburua idatzi duten bost lagunek hartu zuten parte aurkezpenean: Patxi Juaristi soziologoak, Aitor Estebanek (EAJ-PNVko Taldeburua Espainiako kongresuan), Francisco Etxeberria auzitegi-medikuak eta Josu Chueca eta Iñaki Goiogana historialariek. Kapitulu bat idatzi du bakoitzak.
- Lehenengo kapituluan, Iñaki Goiogana historialariak gerra Gipuzkoan nola izan zen idatzi du: militarren altxamendutik 1936ko irailaren azkenetara artekoak, hain justu ere.
- Patxi Juaristik 1936ko irailaren 21a eta urriaren 6a bitartean Zirardamendin eta inguruetan agitu ziren gertaerak jaso ditu.
- Hirugarren atalean, Aitor Estebanek (Zirardamendin hustutako hobi batean identifikatutako gudarietako baten senidea da), azterlan historikoa egiten du. Guda-talde matxinatuak Bizkairantz egiten ari ziren aurreratze ordura arte geraezina geldiarazteko funtsezko izan ziren Aiastiako gerra lerroko borrokaldiak. Eta borrokaldi horietan Arana Goiri batailoiko Garaizabal konpainiako gudariek hartu zuten parte, besteak beste. Haiei buruzkoak ekarri ditu liburura Estebanek.
- Laugarren kapitulua Josu Chueca historialariak idatzi du. Lehenengo Eusko Jaurlaritzaren eratzeaz eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren gobernuak garatutako zereginaz.
- Azkenik, Francisco Etxeberria auzitegi-medikuak Zirardamendin Aranzadi elkarteak egindako hobi-hustutze lanei buruz idatzi du.