Denok Kluba sortu du Anateusk-ek, txakurra dutenen eta ez dutenen arteko elkarbizitza sustatzeko

elgoibarren.net 2014ko ira. 26a, 14:59

 
Anateusk Berrikuntzarako Zentroa 2012an hasi zen txakurrekin lanean behar bereziak dituzten pertsonei laguntzeko, eta aurten atal berri bat ireki dute: Denok kluba jarri dute martxan, besteak beste, ongizatea eta elkarbizitza sustatzeko txakurra daukatenen eta ez daukatenen artean.



 Eusko Jaurlaritzarekin eta Elgoibarko udalarekin elkarlanean, Elgoibar izango da Denok kluba egitasmoa martxan jartzeko aukeratu duten lehenengo herria. Txakur jabeekin eta txakurrekin hasi dira lanean, eta aurrera begira Lehen Hezkuntzako umeekin eta udaltzaingoarekin ere egingo dituzte ekintzak.

 Denok kluba topaleku bat da txakurra duten, izan nahi duten, txakurra laguntzat hartzen duten, eta txakurra dutenak eta ez dutenak armonian bizitzea nahi duten pertsona eta familientzat. Txakurra familiako kide berezitzat hartzen duten pertsonak daude klubean. Familiako kide horrek ere bere betebeharrak ditu, eta gizartea errespetatzeko konpromisoa ere bai.

Xabi Rodriguez txakur hezitzailea 'Bat' txakurrarekin.

“Txakur jabeen eta gainerakoen arteko elkarbizitza sustatu nahi dugu. Horretarako, baina, gure ohitura eta izateko eretan aldaketa sakonak eman behar dira”, azaldu du Anateusk elkarteko presidente Jesus Bilbaok. Arlo horretan inguruko beste herrialdeekiko atzerapen handia daukagula uste du. Gure herrietako eta hirietako kaleetan bizi diren “hiritar bat gehiago” moduan ikusten dituzte txakurrak, baina gizakiekin duten elkarbizitzan gabeziak antzematen dituzte, heziketan eta sozializazioan, batez ere. Izan ere, bereizi egiten dituzte txakurren heziketa eta sozializazioa. “Ez dira gauza bera”, dio Eneko Kortaberriak. “Txakurrek munduarekin erlazionatzeko behar duten gaitasuna da sozializazioa. Gizakioi gertatzen zaigun moduan, beste txakurrekin sozializatzeko beharra daukate txakurrek, eta horretarako aukerarik ez dutenean datoz arazoak. Bi txakur gurutzatzen direnean bata zaunkaka hastea, bestea oldartzea eta antzerakoak ez dira erreakzio logikoak. Horregatik, euren arteko harremanak behar duten bezalakoak izan daitezen txakurren arteko erlazioa, sozializazioa, sustatu behar da”. Helburu hori lortzeko txakur jabeekin batu, hamar hamabi laguneko taldeetan, eta elkarlanean arituko dira, sozializazioan eraginez. “Txakurrak euren artean zela, noiz eta zergatik erlazionatzen diren jakitea da gakoa, eta hortan ahaleginduko gara”, adierazi du Kortaberriak. Anateuskeko kideen iritziz, txakur jabeen hamarretik zortzik era desegokian kudeatzen ditu txakurrek dituzten beharrizan sozial horiek, eta hainbat arazoren jatorria da hori.

 Denok klubak txakurrak izateko eta elkarbizitzarako proposatzen dituen ereduak gizartean normaltasunez txertatzea lortuz gero, Dog Friendly Udalerria izeneko ziurtagiriak ere sortu ditu Anateusk Berrikuntza Zentroak, eurek ezarritako baldintzak betetzen dituzten herriak errekonozimendu horrekin saritzeko.
Lotura duten albisteak: