Hizkuntza-kudeaketaren inguruko berritasunak ezagutaraziko dituzte 30+10 mintegian

elgoibarren.net 2014ko urr. 1a, 10:34

 
Enpresa eta erakundeentzat baliagarriak izan daitezkeen euskarazko zerbitzu eta esperientziak ezagutaraziko dituzte IMHn antolatu duten 30+15 mintegian, bederatzigarren urtez jarraian. Bihar, urriaren 2an, izango da. Hitzaldi gehienak Internetez zuzenean jarraitzeko aukera izango da, streaming bidez.


 Aurtengo 30+10 mintegiak bi atal nagusi ditu; batetik, lanbide heziketako praktikak euskaraz sustatzeko Gehitu proiektuan jasotako datuen aurkezpena egingo dute, eta, bestetik, hizkuntza-kudeaketaren inguruko berritasunak azalduko dituzte hainbat enpresek.

 Esan bezala, lehen atalean, Gehitu egitasmoko bigarren fasean jasotako datuak emango dituzte ezagutzera, Gipuzkoako 1.400 ikasleri egindako galdeketen emaitzak, hain zuzen ere. Lanbide Heziketako (LH) ikasleetatik praktikak euskaraz zenbatek egiten dituzten jakin nahian sortu zen Gehitu proiektua. Gipuzkoako LHko ikastetxeek  sustatutako egitasmoa da eta azken helburua zera da: enpresetara praktikaldia egitera doazen D ereduko ikasleek egonaldia euskaraz egin ahal izatea.

 Mintegiaren bigarren atalean euskara eta hizkuntzen kudeaketa bera enpresentzat erreminta erabilgarria eta eraginkorra direla erakutsiko dute. Horretarako bederatzi hitzaldi antolatu dituzte (ikus mintegiko egitaraua).
  1. AHIZE-AEK. Administrazio kontratuetako hizkuntza baldintzak betetzeko gida. Mikel Urdangarin, Hizkuntza teknikaria.
  2. ELHUYAR. ETEek nazioarteko harremanetan jarduteko izan ditzaketen hizkuntza- eta kultura-hesiak gainditzeko bideak eta estrategiak. Maddi Etxebarria, enpresetako hizkuntza-planetako teknikaria. AUTOMOBILGINTZA HIZTEGIA. Garbiñe Alkiza, Automobilgintza Hiztegiaren koordinatzailea.
  3. CARITAS BIZKAIA. Bideratzaileak: Egitura berezian hizkuntza irizpideak ezartzeko sarea. Pili Castro, Caritas Bizkaia-ko Euskara koordinatzailea eta Maria Traspaderne ARTEZ Euskara Zerbitzuko teknikaria.
  4. EMUN. Enpresetako batzarrak eta bilerak euskaraz egiteko estrategiak. Urko Azpiroz Osa, Emuneko Teknikaria.
  5. LANSAREAN: Enpresa eta profesional euskaldunek elkar ezagutzeko lan-ataria. ENPRESAREAN azokaren aurkezpena. Rober Gutierrez Mateos, Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendaria.
  6. IBERBA. Itzulges: Itzulpenak kudeatzeko era berria eskaintzen duen aplikazioa. Patxi Alaña Arrinda, Iberbako Zuzendaria.
  7. INGUDEA. Goierriko zazpi lantokiren ekimen bateratua lantokietan eragiteko. Andoni Zubeldia, Orkliko Euskara arduraduna.
  8. LANGUNE. Bidasoa: eskualde bat hiru hizkuntza. Eleaniztasuna kudeatzeko programa baterantz. Fernando Alana, Languneko zuzendaria.
  9. PuntuEUS domeinua: nola eta zergatik eskatu? Ekainean aurkeztu zen PuntuEUS aktibazioaren ondoren, irailaren 16an abiarazte-aldia irekiko dute. Xehetasunen berri emango du Josu Waliño, puntuEUSeko zuzendariak.
Mintegian parte hartzeko izena eman behar da, IMHra deituz (943 744 132) edo www.imh.es webgunean sartuz. IMHk zuzenean emango ditu hitzaldi gehienak imh.es webgunean.