Ludoteka kalera irtengo da, ikasturte berrirako eskaintza ezagutaraztera

elgoibarren.net 2014ko urr. 2a, 18:16

Zabalik dago Elgoibarko Ludotekako bazkide izateko epea, eta ikasturte berrirako prestatu dituzten ekintzak ezagutzera emateko asmoz, kalera aterako dute Ludoteka bihar (urriak 3). Lekueder parkean jarriko dute, neska-mutiko zein gurasoek bertatik bertara ikusteko aukera izan dezaken. Ikusi bakarrik ez, antolatu dituzten herri kiroletan eta zezenzikleten eta buruhandien aurrean ibiltzeko aukera izango dute hala nahi duten guztiek.


 5-12 urte bitarteko neska-mutilei (HH5-LH6 ) eskainitako zerbitzu sozio-hezitzailea da Ludoteka, non, esku-hartze kolektiboko eta pertsonalizatutako proiektuak oinarri hartuta, haurrei zuzenduriko jarduera ludikoak erabiltzen dituen. Elgoibarko Ludoteka astelehenetik barixakura egoten da zabalik, 16:30etik 19:30era. Ikasturteko kuota 45 eurokoa da. Familia ugarientzat eta bigarren seme-alaba dutenentzat %30eko deskontua dago, eta Ongizate Saileko programatako erabiltzaileek %70eko deskontua izango dute. Informazio gehiagorako 943 748 883 telefono zenbakira deitu daiteke.

Ludoteka lekueder parkean

1706636487572 Ludoteka kalera irtengo da, ikasturte berrirako eskaintza ezagutaraztera

Elgoibarko Ludotekak ekintza bereziak prestatu ditu ikasturte berrirako, eta horiek ezagutarazteko, eta Ludoteka herritarrei gerturatzeko, Lekueder parkera irtengo dira barixaku arratsaldean. 17:00etatik 19:00etara bitartean herri kirolak, zezenzikletak eta buruhandiak egongo dira. 5-12 urte bitarteko herriko neska-mutil guztiek hartu dezakete parte.

Gurasoekin bilera eta urrirako ekintzak
  Urriaren 15ean, berriz, Gurasoekin bilera egingo dute Ludotekako arduradunek, ludotekako funtzionamendua ezagutarazteko.
 Urriaren 17an, berriz, Ludo, Ludotekako maskotari, egingo dioten agur festan parte hartzeko aukera izango dute ludotekako bazkideek.
 Urrirako ekintza gehiago ere antolatu dituzte. Hala, urriaren 22an landareak ezagutzeko irteera prestatu dute, eta urriaren 31rako, azkenik, ekintza sorpresa bat iragarri dute. Bazkideek proposatzen dituzten jarduera guztien artean bat aukeratu eta huraxe egingo dute.