Goratu enpresak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, ekoizpenaren %90a atzerriko hainbat herrialdeetara esportatzen duten arren, Iranera ez dute makinarik saldu. Era berean, ekoizten dituzten makinak ez direla "erabilera bikoitzeko tresnak" argitu dute. “Egiten diguten eskaera bakoitza modu oso arduratsuan aztertzen dugu, indarrean dagoen legeria betetzen dugula ziurtatzeko.
Gainera, makina, bezero edo herrialde bakoitzak eskatzen dituen baldintza eta lizentzia guztiak betetzen ditugu”, dio idatziak. Are gehiago, azken aldaketa geopolitikoak ere aintzat hartu dituztela diote Goratuko arduradunek, eta baita neurriak hartu ere. "Produktu guztiek legedia betetzen dutela ziurtatzeko ikerketa sakona egiteko agindu genion enpresa independente bati".
Honenbestez, -Guardia Zibilak enpresan egin zituen miaketen harira- zalantza guztiak “azkar eta euren aldera” uxatuko direla espero dute Goratuko arduradunek.
Konplexutasun eta tamaina handiko erreminta-makinak egiten espezializatutako enpresa da Goratu. Geminis markarekin ekoitzi eta saltzen dituzte tornu horizontalak, eta Lagun markarekin, berriz, fresatzaile-gama zabala. Balio erantsi handiko produktuak direla azpimarratu dute enpresako arduradunek. Makina horiek energiaren sorkuntzan lan egiten duten sektoreetara (petroleoa, gasa, burdingintza…), edota trenekin eta garabiekin lanean dabiltzanetara bideratzen dituzte, besteak beste. Sektorean mundu mailako lidergoa du Goratuk, sektorean diharduten beste enpresa batzuekin batera. Ibilbide eta prestigio handiko enpresa dela eurena nabarmendu dute Goratutik. “Halaxe aitortu digute bezero, lehiakide zein erakundeek”.
Goratu Máquinas Herramienta S.A. erreminta makinen sektoreko enpresa talde garrantzitsuenetarikoa da. Lau fabrika dauzka Espainian, eta salmenta eta zerbitzuak eskaintzeko egoitzak Alemanian, Erresuma Batuan, Italian, Errusian, India eta Txinan. Horrez gain, salmenta sare zabala dauka munduan barrena. AFM Espainiako Marina-erremintaren Ekoizleen Elkarteko kidea da elkartearen sorreratik, eta azken 50 urteotan bi aldiz hartu du beregain AFMko zuzendaritza.