Zergatik iraun dugu, orduan?
Zein da, orduan, euskaldunok gaur arte bizirik irauteko arrazoia? Aurretik zeuden ia hizkuntz guztiak desagertu baziren ere, nola lortu zuen euskarak bizirik irtetea hizkuntza indoeuroparren enbatatik? Xamarren ustez, gure herriaren izaera hizkuntzari lotuta dagoelako iraun dugu bizirik; euskaldunak izan nahi dugulako. Euskaldunok bata bestearen atzetik gurera etorritako herri guztiekin jakin dugu bizitzen, elkar hartzen, eta beraietara moldatzen, baina betiere gure jatorrizko mintzaira edo hizkuntza baztertu gabe. Horregatik ageri da historiaurrean, adibidez, indoeuroparren itsasoan uharte bat bezala. Xamarren esanetan, euskarak egiten gaitu euskaldun; hizkuntza da gure herriaren arima. Gure herriaren izena bera ere hizkuntzari lotuta dago (Euskararen Herria), eta hori ez da gainontzeko herrietan pasatzen. Maputxeak, adibidez, lurraren semeak dira. Aztertzen dihardugun bideo-sortari jarritako izenburua ere ideia berari lotuta dago. Euskara Jendea jarri diote egileek euskara gu garelako, euskara jendea delako; gu garelako euskara. Garai batean, euskaldun eta vasco sinonimoak ziren, eta oso argi zuten zer esanahi zuten, identitatea hizkuntzari lotuta zegoelako, baina, gaur egun, dena nahastu zaigu (edo nahastu dugu), eta edozein izan daiteke euskaldun edo vasco.
Lehen saio honetan, historiaurreari erreparatu diogu. Atalik zailena da, ilunena. Galderak eta zalantzak asko dira, baina nahi baino erantzun eta argitasun gutxiago topatuko dugu. “Nahiago nuke tximinoa tentetu zenean euskaraz egiten zuela esateko moduan banengo, baina ...”.
Noizkoak gara euskara eta euskaldunok?
Ez dago galdera horri argi erantzuterik. Aitzin-euskara, edo protoeuskara, Paleolitoan kokatzea urrutiegi joatea dela dio bideoan Joaquin Gorrotxategi hizkuntzalariak. Badirudi euskaldunok Paleolitoan zegoen herri baten ondorengoak garela, baina ezin dugu jakin haiek zer hitz egiten zuten. Bestalde, esaten da euskara Neolito garaikoa dela, haitz edo harri erroa duten hitzak gorde dituelako (aizkora, aizto, aitzur...), baina, Gorrotxategiren ustez, horrek ez du ezer ziurtatzen. Euskara baino berriagotzat hartu izan diren beste hizkuntza batzuek ere badituzte haitz edo harri erroei lotutako hitzak. Dena dela, adituek ez dute arazorik hitz batzuen sustraiak Neolitoan bizirik zeudela onartzeko. Horren adibideak dira, alde batetik, gorputz-atalak (hatz, oin, buru...), eta bestetik, animalia-izenak ere oso zaharrak dira (behi, ardi, zaldi, ahuntz...).
Joxe Migel Barandiaran antropologo ataundarra ere azaltzen da bideoan, eta, haren ustez, orain dela 5.000 urte hemen bazen euskara. Gorrotxategi ez da hainbeste esatera ausartzen, baina, gutxienez, erromatarrak etorri baino 1.000 urte lehenago gurean euskara hitz egiten zela dio.
Eta nondik gatoz?
Hori ere ez dago argi. Hipotesi batzuen arabera, azken izotzaldiaren garaian Europako populazioa Pirinioetara bildu zen aterpe bila, eta han garatu zen euskararen oinarria. Izotzaldia amaitu zenean, jende hori Europa osora zabaldu zen, eta jendearekin batera orduko euskara, indoeuropar hizkuntzek ordezkatu zuten arte, Akitanian eta Pirinioetan izan ezik. Hipotesi hau defendatzen dutenen arabera, Europan aurkitutako hainbat toki- eta ibai-izen euskaratik esplika daitezke. Baina, Gorrotxategiren arabera, gaur egun hipotesi hori ez du inork onartzen; ez indoeuropeistek, ez eta euskaldunok ere.
Barandiaran zenak zioenez, ez daukagu kanpora joan beharrik euskararen sustraiak topatzeko. “Gu ez gara inongo” esan zuen. Eta Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren ustez ere, “euskara ez du inork guregana ekarri”.
Xamarren esanetan, gai hau oso erlatiboa da. Gizakia Afrikan sortu bazen, eta denok handik bagatoz, bi aukera ikusten ditu hizkuntzak sortzeko orduan: bat, hizkuntza bakarra zegoen hasiera batean, eta hura zabaldu zen mundu osora. Eta bi, gizakia munduan zehar zabaldu zenean, leku askotan eta aldi berean, sortu ziren hizkuntzak.
Neolitoaren iraultza
Dena ez zen zalantza eta iluntasuna izan, baina, eta Neolitoak gurean izan zuen garrantziaren gainean jardun zigun Xamarrek. Duela 10.000 urte Neolitoak iraultza kulturala ekarri zuen. Klima epeldu egin zen, eta gaurko gizarte-mota bera ikusiko dugu garai hartan. Ehiztariak eta harrapariak izatetik, nekazariak eta abeltzainak izatera pasa ziren, eta populazioa izugarri handitu zen.
Gure kulturaren oinarriak eta mundu-ikuskera ere orduan finkatu ziren, eta hildakoen lurperatzeak dira horren lekuko fidelenak. Trikuharriak garai hartakoak dira, eta, Xamarren esanetan, Portugalen sortu eta Euskal Herrira iritsi ziren. Gipuzkoan daudenak txikiak dira; handiak eta konplexuak, ordea, Araban aurkitu direnak. Neolito garaikoak dira, baita ere, nekropoliak (hildakoen herriak), eta Nafarroa Garaian dauden Los Cascajos eta Paternainbidea nekropoliak adibide ezin hobeak dira Neolitoak Euskal Herrian izan zuen garrantzia ulertzeko; Iberiar penintsulako zaharrenak dira.
Harrespilak, Metal Aroan
Harri Aroari Metal Aroak eman zion segida, eta garai hartakoak dira harrespilak (edo mairu-baratzeak). Donibane Lohizunen bizi den Jacques Blot arkeologoak luze darama monumentu megalitikoak aztertzen, eta Nafarroa Behereko Okabe mendiko kasuaz dihardu bideoan. 26 harrespileko multzoak aurkitu dira bertan, eta Blot-en esanetan, Okabe leku sakratua da euskaldunontzat. Trikuharrietan hildako bat baino gehiago lurperatzen ziren; harrespilak, berriz, pertsona bakar batentzat ziren. Hala ere, harrespila gehienetan ez dago hezurrik (edo oso gutxi), eta esan daiteke monumentu haiek ez zirela hilobiak, norbaiten omenez eraikitako oroitarriak baizik. Blot-ek bideoan dioenez, historiaurreko errausketa-erritua ez zen Kristo ondorengo garaiaren etorrerarekin amaitu. Euskaldunek, eta artzainek, bereziki, K.o. 1000-1500 urtera arte eutsi zioten ohitura hari, kristautasuna gurean ezarri zen arte.
Metal Aroaren amaieran, herri indoeuroparrak zabaldu ziren Europara. Zehatz-mehatz nondik ez badakigu ere, herri haiek Asiatik etorri ei ziren. Lehendik zeuden herriek, berriz, ohiturak ez ezik, indoeuroparren hizkuntzak ere bereganatu zituzten. Aurreindoeuropar hizkuntza batzuek baino ez zuten iraun bizirik; euskarak, haien artean.
Euskara hizkuntzaz inguratuta
Herri indoeuroparren etorreraren aurretik, hizkuntzen paisaia lainoturik ageri zaigu. Ezer gutxi dakigu, eta dakigun apurra erromatarren eta grekoen testigantzei zor diegu. Baina badakigu garai hartan Iberiar penintsulan bazirela beste hiru hizkuntza, euskararekin batera: zelta, iberiera eta tartesiera. Tartesieraren gainean ezer gutxi dakigu. Iberieraren gainean, berriz, euskara eta iberiera senidetu egin ditu hizkuntzalari batek baino gehiagok. Euskara eta iberiera hizkuntza bera zirela esan izan dute batzuek, edo ahaideak, gutxienez. Berba batzuk oso antzerakoak dira (bios-bihotz / hiska-neska / ildun – ilun), baina Gorrotxategik bideoan esaten digunez, hori bi hizkuntzak harremanean egon zirelako da. Gorrotxategik ukatu egiten du bi hizkuntzen arteko ahaidetasuna, eta ahaideak balira, euskarak iberiera ulertzeko balio beharko lukeela dio. Iberiera irakurri egiten da, baina ez da ulertzen.
Zeltei dagokienez, zelta herrien lehen etorrera handia K.a. XI. mendean izan zen. Hasiera hartan arrasto txikia laga zuen euskararen herrian, Ebro ibaiaren hego aldera eta Mediterraneorantz jo zutelako, batez ere. Hala ere, Kristo aurreko lehen milurtekoan, komunitate zeltek aldaketa handiak ekarri zituzten gure herrira, eta hizkuntza zeltek euskara inguratu zuten, bai hegoaldetik eta baita iparraldetik ere. Toponimoek ematen digute harreman horren berri: Deba (jainkoen ibaia), Ultzama, Nerbioi, Lezama, Toloño, edo Zegama zelta jatorrikoak dira. Beste hitz batzuk ere badaude: gezi, landa, maite, mando ...
Zelten eraginak K. a. III. mendera arte iraun zuen, erromatarren etorrera arte.
Ikusten duzuen moduan, euskara sarri egon da beste hizkuntza batzuek inguratuta. Gaur egun gaztelaniak eta frantsesak inguratzen gaituzte, baina aurretik ere izan ziren beste hizkuntza batzuk.
Euskara historian sartzeko prest
Erromatarren etorrerarekin amaitzen da historiaurrea, eta gaur egun arte irauten duen mundu-ikuskera finkatu zen garai hartan. Euskarari dagokionez, erromatarren harrietan eta aldareetan azaltzen dira gure hizkuntzaren lehen testigantza idatziak. Pertsona-izenak eta jainko-izenak, besteak beste. Beraz, euskara jendea historian sartzeko prest dago, baina hori datorren astean aztertuko dugu, ikastaroaren bigarren saioan.
Geure burua hobeto ezagutzeko
Xamarrek aitortu digunez, “geure burua hobeto ezagutzeko, egin dugu lan hau”. Izan ere, euskaldunok gure hizkuntzaren historia behar baino gutxiago ezagutzen dugula irizten dio dibulgatzaile nafarrak, eta horregatik ekin zioten Euskara Jendea bideo-sorta egiteari. Hiru urteko lanaren ondoren, sei bideotan jaso dute informaziorik garrantzitsuena, eta sei bideo horietan jasotako garrantzitsuena jendearen artean zabaltzeko antolatu dugu ikastaroa Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak.

Bideo honetan, minutu batean, lehen saioan esandako garrantzitsuena laburbildu du Xamarrek.