Alfredo Etxeberriak salatu du San Lazaro egoitzaren kudeaketa zuzena zigortu nahi duela Aldundiak

elgoibarren.net 2014ko urr. 20a, 12:59

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomoa sortu du, lurraldeko adinekoen 16 udal egoitzen kudeaketa “pixkanaka” bere gain hartzeko. Kabiak, lehenik, bost egoitza hartuko ditu bere gain, tartean Elgoibarko San Lazaro egoitzarena. Alfredo Etxeberria, baina, ez dago ados eskualdaketa egiteko akordioak jasotzen dituen zenbait punturekin, eta “baldintza horietan” ez duela  sinatuko aurreratu du. Bere esanetan, Gipuzkoa osoan zuzen kudeatu den zahar etxe bakarrarekiko errespetu falta bat da. “Gaizki eginiko gestioa saritzen du Kabiak eta gauzak ondo egin dituena zigortu”, dio.

 

 Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako erakunde autonomoa da Kabia, Gipuzkoan dauden 16 udal egoitzak bere gain hartzeko. Erakunde honen sorrera Batzar Nagusiek onartu behar dute. Lehen urrats honen ondoren, Aldundiak, aurten, bost udalekin (Elgoibar, Zumaia, Villabona, Lasarte-Oria eta Azkoitia) adinekoen udal egoitzen traspasoa egiteko akordioak sinatuko ditu, Gizarte Zerbitzuen 18/2008 Legean ezarritako konpetentzia banaketan ezarritakoaren arabera. Gainerako zahar-egoitzak 2018rako batuko dira Kabiara.

 Elgoibarko alkate Alfedo Etxeberriak, baina, ez duela sinatuko EH Bilduk eta PSEk babesa eman dioten akordioa adierazi du. Aitzitik, zuzen kudeatu den Gipuzkoako egoitza bakarrarekiko “errespetu falta bat” dela salatu du. “San Lazaro zahar-egoitzak 60.000 euroko aurrezkia eduki zuen 2013an. Eta, aldiz, lurraldeko gainerako adinekoen 15 udal egoitzek zor handiak, ikaragarriak, pilatzen dituzte urtero. Kabiari hasiera emateko aukeratu dituzten bost egoitzek, adibidez, 1,5 milioi euroko zorra egiten dute urtero”, azaldu du Etxeberriak. Zor hori Gipuzkoako udal guztiek ordaindu beharko dutela dio, “gizarteko politikarako diputatuak (Ander Rodriguez) zahar egoitzak gaizki kudeatu dituzten udalekin solidarioak izan behar dugula erabaki duela-eta”. Gaizki eginiko gestioa saritzea eta ondo eginikoa zigortzen dela salatu du Elgoibarko alkateak. Gainera, Etxeberriaren esanetan, zahar-egoitzen kudeaketan egindako zorra estaltzeko, berez etxez etxeko laguntzetarako izan beharko lukeen dirua erabiliko du Diputazioak, -"EH Bilduk eta PSEk hala babestuta"-; eta, hortaz, Elgoibarko Udalak diru gutxiago jasoko du orain bere gain hartuko lukeen zerbitzu hori finantzatzeko (%15 gutxiago 2014an, %37 gutxiago 2015ean eta %66 gutxiago 2017an). 

 Etxeberriak dio, zorraren arazoa sustraitik konpondu beharrean, Gipuzkoako udal guztiak zigortzen dituela Diputazioaren planteamenduak, “inposizioaren bidez”. Are gehiago, Aldundiaren “zorroztasun eza” agerian lagatzen duela uste du Etxeberriak, eta defendatu du San Lazaro zahar-egoitza dela gauzak ondo egin daitezkeenaren froga. “Aldundiak ezarritako irizpideak betez kudeatzen dute San Lazaro, hau da, artatu beharreko lagun kopuruaren eta eskaini beharreko zerbitzuen arabera zehazten dira lanak, lan-orduak eta beharrezko langile kopurua, betiere lurralde hitzarmena betez. Zuzen betetzen ditu horiek San Lazarok eta zerbitzuaren erabiltzaileak eta senitartekoak gustura daude jasotzen duten arretarekin. Nota ona jartzen diote zerbitzuari. Eta hori guztia zorrik zortu gabe. Horra hor gauzak ondo egin daitezkeenaren froga”, dio Etxeberriak. 

 Hitzarmen proposamenak jasotzen duen beste puntu batekin ere ez dago ados Elgoibarko alkatea. “Ekipamendu osoa Aldundiari eman behar diogula jasotzen du akordioak, ondasuna berriz bueltan jasotzeko aukerarik gabe. Ez gaude ados baldintza horrekin, ez eta aurrez aipaturikoekin ere. Hortaz, ozenago esan dezakegu, baina ez argiago, ez dugu ezer sinatuko baldintza horietan. Arazoak ez dira inposizioz konpontzen, akordioen bitartez baizik”, esan du alkateak. 

Lotura duten albisteak: