Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideei diru laguntzak emateko irizpideak aldatu ditu. Hedabidearen “zabalkundea eta produktuaren kalitatea” izan dira giltzarriak orain arte; aurten, baina, “irismena” gehitu zaie horiei. Irismena neurtu dute hedabide bakoitza iritsi daitekeen herritarren artean zenbatengana iristen den kontuan hartuta, eta puntuazioaren %70 horren araberakoa izan da.
Hori dela-eta, tokiko hedabide gehienek diru laguntza handiagoa jasoko dute, eta nazionalek, berriz, txikiagoa. Lehenengoen taldean daude Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneko hedabide saila osatzen duten BARREN aldizkaria eta elgoiBARREN.net ataria.
- BARRENek 21.795 euro jaso zituen Eusko Jaurlaritzatik 2013an eta 36.997 euro jasoko ditu 2014an.
- elgoiBARREN.net atariak ere laguntza handiagoa jasoko du: 7.583euro jasotzetik 10.512 euro jasotzera, hain justu ere.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ohar baten bidez erantzun dio Berria egunkariak euskarazko hedabideen diru laguntzen inguruan argitaratutako informazioari.
Urko Aristi Tokikomeko lehendakariak (Euskal Herriko tokiko hedabideen elkartea da Tokikom, eta BARREN da bazkideetako bat) tokiko hedabideek jasotako diru laguntzaren balorazio "positiboa" egin du, baina Berria egunkariari eginiko adierazpenetan dioenez, irizpideak "findu" egin behar dira: "Beharbada, sektorean bertan hausnartu eta eztabaidatu egin beharko dugu ea irizpide horiek egokienak diren edo ez, eta horretarako, Jaurlaritzari ere onartuko genioke elkarrizketarako borondatea".
•Zakua handitu beharra
Nahiz eta batzuk gehiago eta besteek gutxiago jasoko duten, diru kopuru orokorra bere horretan mantendu dute, eta tokiko hedabideek nahiz nazionalek bat egiten dute kopuru hori handitu behar dela diotenean. Urko Aristik hala dio Berria-n: "Zakua handitzen ez den bitartean, batzuek gehiago jasotzeko besteek gutxiago jasoko dute. Eta hori pena da".
Aristiren uste berekoa da Hekimen elkarteko zuzendari Alberto Barandiaran. Kezkaz hartu du Jaurlaritzaren diru laguntzen gaineko erabakia. “Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzaren laguntzak oso inportanteak dira sektorearentzat, eta askotan iraun edo desagertzeko marrara eraman ditzakete hainbat hedabide”.