Literatura ohi baino gehiago bistaratuko da asteon Elgoibarren

elgoibarren.net 2014ko urr. 27a, 17:55

 
Epeletan irakurketa tailerraren hasierak, Haizea emakume taldeak antolatutako literatura tailerrak eta liburu-denden festaren bueltan antolatutako ekintzek bat egingo dute aste honetan Elgoibarren. Hala bada, berebiziko presentzia izango du asteon literaturak Elgoibarren. 

 

 

Epeletan irakurketa tailerra

 Elgoibarko Gotzon Garate Udal Liburutegiak Epeletan izeneko irakurketa-tailerra jarri zuen abian iaz, helduen artean euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzeko. Aurten ere antolatu dute eta gaur (urriak 27) jarriko dute martxan. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, “euskal liburuak aisia bihurtzea” da taldearen helburua, eta irakurtzeko zaletasuna duten herritar guztiak deitu dituzte tailerrean parte hartzera. Gaurtik hasita, hileko azken astelehenean batuko dira liburutegian, liburuen irakurketak egin eta irakurritakoari buruzko iritziak partekatzeko. Ordubeteko saioak izango dira, 19:00etatik 20:00etara. Interesatuek liburutegira jo beharko dute izena emateko edo informazio gehiagoren bila. 

Oscar Wilde idazleari buruzko literatura tailerra

 Oscar Wilde izango da protagonista Haizea emakume taldeak antolatu duen literatura tailerreko saioan. Oscar Wilde (Dublin, 1854ko urriaren 16a - Paris, 1900eko azaroaren 30a) idazle anglo-irlandarra izan zen. Consuelo Carrerek gidatuko du saioa, Gotzon Garate Udal Liburutegian. Martitzenean (urriak 28) izango da, 18:00etan hasita.

1706636399479 Literatura ohi baino gehiago bistaratuko da asteon Elgoibarren

•Liburu-denden festa Pitxintxun

 Euskadiko Liburu-denda federazioak sustatuta, liburu-denden festa egingo da datorren urriaren 30ean, eguenean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat liburu-dendetan. Elgoibarko Pitxintxu liburu-dendak ere bat egin du festa egunarekin eta idazle elgoibartar bat jarriko dute liburuak saltzen, berak idatzitako liuburuak sinatzen, eta "beharbada" baita ipuinak kontatzen ere. Jasone Osori izango da idazle hori.