Jasone Osorok irabazi du Augustin Zubikarai nobela-beka

elgoibarren.net 2014ko urr. 29a, 11:24

 
Literatura ohi baino gehiago bistaratuko zela asteon Elgoibarren esan genizuen aste hasieran, eta hala izaten ari da, aurreikuspenak hobetuz gainera. Izan ere, Jasone Osoro idazle elgoibartarraren nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria.

 

 

 Hogeita sei lan aurkeztu dira aurten Augustin Zubikarai sarira, eta horien artean Jasone Osororen proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria eguen arratsaldean emango zaio, Ondarroan, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

 Sick du behin-behineko izena Jasone Osororen proiektuak. Berta deritzan emakume baten 24 ordu kontatzen dizkigu, ohean datzala Edith Piaf-en Non, je ne regrette rien entzuten, barrutik hautsia, bere bizitzaren errepaso bat eginez eta berekin harreman estua izan duten pertsonaiekin barne-bakarrizketan: ama, aita, senarra, alaba… 

 Urtebete du Osorok proiektua ontzeko eta amaitzeko, eta ondo bidean 2015eko udazkenean ikusiko du liburuak argia. 

Nobelak sortzeko bekaren ibilbidea

Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauexek izan dira Augustin Zubikarai sariaren irabazleak eta argitaratu dituzten lanak:

  • Joxean Agirre, Zwei Frauen (Bi emakume).
  • Itxaso Araque, Damutzen ez direnak.
  • Garbiñe Ubeda, Hobe isilik
  • Garazi Kamio, Orube abandonatuak (aurki argitaratzeko)
*Iturria: postdata.elkar.com