Mugi eta Lurraldebus txartelak Elgoibarko ibilgailu elektrikoak hartzeko erabili ahal izango dira

elgoibarren.net 2014ko urr. 31a, 08:47

 
Elgoibarko Udalak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute aurrerantzean Mugi sistemaren erabiltzaileek Elgoibarko auto elektriko publikoak erabili ahal izan ditzaten. Erabaki honekin garraio jasangarriko egitasmoak indartu nahi dituzte sustatzaileek.

 


  Elgoibarko Udalak, Emugi egitasmoaren baitan, auto elektrikoak alokatzeko eskaintzen duen carsharing zerbitzuan izena eman eta gero, garraio txartelaren (Mugi eta Lurraldebus) erabiltzaileak autoetako bat hartzeko aukera izango du. Oraingoz, lau ibilgailu eta bi geltoki ditu zerbitzuak Elgoibarren, eta autoek 130 kilometrora arteko autonomia dute joan-etorriak egiteko.

 Emugi, gida baimena duen eta bere ohiko autoa "garbiagoa eta ekologikoago" den beste batengatik ordezkatu nahi duen pertsona orori zuzendua dago. Batez ere ibilbide motzak egiteko dela aproposa diote sustatzaileek. Azpimarratzen duten beste onuretako bat eskaintzen duen aurrezki ekonomikoa da, "auto bat erosteak, mantentzeak eta aseguratzeak suposatzen dituen kostu finkoei aurre egin behar ez izateagatik".