Ekintzailetza sustatzeko hitzaldi-tailerra antolatu dute azaroaren 14rako

elgoibarren.net 2014ko aza. 5a, 20:30

Debegesa Garapen Agentziak eta Elgoibarko Udalak antolatuta, datorren azaroaren 14an, barixakua, herritarren artean ekintzailetza sustatzeko hitzaldi-tailerra emango dute Musika Eskolan. Deskubritu zure pasioa. Nola lortu benetan nahi duzun bizitza izenburupean, motibazio eta trebakuntza saioa eskainiko du Iker Fernandez coach profesionalak (ondoko argazkian).



 Eskualdean ekintzailetza sustatzea helburu duen Debabarrena Ekinean egitasmoaren baitan, Debegesak eskualdeko udalekin elkarlanean, motibazio tailer bat antolatu du ekitera bideratuta. Herritarrei oro har dago zuzenduta, bereziki ekiteko nahia duten lagunei baina bultzadatxoa behar dutenei, eta dagoeneko ekintzaile direnei, baina era bateko edo besteko zailtasunak dituztenei.
Abentura arrakastatsuen sortzaile ezizenaz ezaguna den Iker Fernandez coach profesionalak eskainiko du motibazio saioa, Inazio Bereziartua musika eskolan, 18:00etan hasita.
Antolatzaileen esanetan bi orduko esperientzia izango da, parte-hartzaileen talentua deskubritu eta sustatzera bideratuta, lorpen pertsonalak indartu eta oztopoak apurtzera. "Tailer honek lortu nahi du partaideen artean gogoa, ilusioa eta indarra piztea modu naturalean, hurrengo pausoa eman ahal izateko".
  • Sarrera doakoa den arren, parte hartzeko interesa dutenek aurrez izena eman behar dute, 943 820 110 telefonoan, edo ekintzaile@debegesa.com helbidera idatziz.
Ametsen jaia, txikienentzat
 Motibazio tailerra egingo den egun eta ordu berean, 18:00etatik 19:30era, 4 eta 11 urte bitarteko haurrentzat tailerrak egingo dituzte Lekueder parkean, Manahmana enpresa eta Atxutxiamaika aisialdi taldearekin elkarlanean. Etorkizuneko ametsetako bizimoduak edota ogibideak irudikatzeko helburuarekin, marrazki eta eskulan tailerrak eta trukean oinarritutako merkatu txikiak antolatu dituzte Ametsen jaia egitasmoaren barruan.
  • Interesatuek telefonoz e-posta bidez (ekintzaile@debegesa.com) edo telefonoz (943 820 110) eman dezakete izena.