Asmaola+ enpresa industrialen ideia lehiaketa Lanbide Heziketako ikastetxeen sareak antolatzen du, Elgoibarko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin eta Danobat Group, Alcorta Forging Group, Grupo Schaeffler, Grupo Egile, Grupo Maherholding eta Unceta S.A. burdindegiaren babesarekin.
Lehiaketako estreinako edizioaren irabazleak, Asier Lizarralde elgoibartarrak, 2.500 euro jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu, 100 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 300 ordu beharrezkoak dituen baliabide industrialak erabiltzeko. Izan ere, gazteen artean izaera industriala duten enpresa proiektuen garapena sustatzeko helburuarekin jarri zuten abian lehiaketa. Saria ematerako orduan, ideiaren berrikuntza maila baloratu duela jakinarazi du epaimahaiak. Sei metrotik gora dauden adarrak inausteko beharrari erantzun originala proposatzen duela diote, gaur egun merkatuan dagoenarekin diferentzial garbia markatuz.
Gaur eguerdian egin dute sari banaketa ekitaldia, makina-erremintaren etorkizunaren inguruan IMHn egin duten jardunaldiaren amaieran. Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkatearen eskutik jaso du saria Lizarraldek. Ikasketei dagokionez, Fabrikazio Mekanikoko Diseinua, Goi-Mailako Heziketa Zikloa, ikasi zuen Makina Erremintaren Institutuan, 2008-2010 urteetan. Gero, Arkitektura teknikoko Gradua ikasi zuen Donostiako Eskola Politeknikoan. Egun makina erremintaren sektoreko enpresa batean dihardu lanean, Ibarmian, hain justu ere.