Muga eta lege guztien gainetik, Aro Modernoan euskaldunak izateko nahia erakutsi zuen euskal jendeak

Elgoibarko Izarra 2014ko aza. 7a, 17:11

 
Euskara Jendea ikastaroaren hirugarren saioari Erdi Aroan euskara gure lurraldean nagusi zela esanaz eman bagenion amaiera, laugarrenean Aro Modernoan zentratu ginen, eta, batez ere, Iparraldean jarri zuen azpimarra Xamarrek. Garai hartan Iparraldean euskarak izan zuen loraldian, zehatzago esateko.

 

451 herri bascongado Nafarroan 

Iparraldean bizi izandakoa aztertzen hasi aurretik, baina, komeni zaigu orduko testuingurua apur bat errepasatzea. Nafarroako Erresumaren konkistak bitan zatitu zuen lurraldea XVI. mendean, eta hurrengo bi mendeetan muga-lerro hori are zehaztuago geratu zen Frantziak eta Espainiak Pirinioetan finkatu zutenean muga. Hala ere, herritarrek antzinako harremanei eta usadioei eutsi egin zieten, eta Pirinioetako bi aldeetako abeltzainek akordioak adostu zituzten bateko eta besteko herri-lurrak erabiltzeko.

1706636363544 Muga eta lege guztien gainetik, Aro Modernoan euskaldunak izateko nahia erakutsi zuen

1706636363638 Muga eta lege guztien gainetik, Aro Modernoan euskaldunak izateko nahia erakutsi zuen

Bestalde, XVI. mendearen hasieran, Espainiako eta Frantziako erresumak sendotzearekin batera, administrazioaren egitura indartu egin zen, eta mundu ofizialaren eta herritarren arteko arrakala handitzen joan zen, euskaldunon kaltetan. Hala ere, Joseba Agirreazkuenaga Euskal Herriko Unibertsitateko historia-katedradunak bideoan dioenez, artean ez zegoen argi zein zen hizkuntza nagusia. Haren esanetan, abokatuek edo elizgizonek hizkuntza bat baino gehiago behar zuten euren karreretan, eta euskaraz jakitea oso garrantzitsua zen. 1530.ean, adibidez, Iruñerako gotzain elebiduna eskatu zuten. Itxura denez, hura izan zen euskararen beharra aldarrikatu zen estreinako aldia. Xamarrek esan zigun moduan, hizkuntza-profilena ez da gaur egungo kontua. Elizak, gainera, herri euskaldunak eta erdaldunak bereizten zituen apaiz euskaldunak nora bidali jakiteko, eta 1587an egindako inkesta batean, Nafarroako 451 herri ziren bascongadoak (euskaldun elebakarrak); erdaldunak, berriz, 58 ziren, eta hizkuntzaren muga Tafalla inguruan zegoen. 

Euskal Herriko parte gehienetan bezala, Nafarroa Garaian euskara ohiko hizkuntza zen.

Euskararen galera, Iparraldean izan ezik

Aro Modernoaren hasieran hasi ziren bistaratzen aurreko mendeetan hasitako galera-prozesuaren ondorioak. Gasteizen, Arabako hegoaldeko herri batzuetan eta Nafarroako eta ekialdeko beste herri batzuetan, adibidez, jendea euskaldun huts izatetik gehienean erdalduna izatera pasa zen. Beñat Oihartzabal euskaltzainaren esanetan, lurralde hauek muga geografikoan egoteak edo Gasteizko goi-mailako klaseak Madrilgo Koroarekin harreman estuak izateak eragin handia izan zuen euskararen galera-prozesuan. Oihartzabalen ustez, galera-prozesua goi-mailako gizarte-taldeetan eta hiriburuetan hasi zen, ondoren ingurura zabaltzeko. 

Baionan, oraindik ere, euskaraz, gaskoiz eta frantsezez daude errepide seinaleak.

Baina ez zen gauza bera gertatu Iparraldean. Iparraldean euskara bere horretan mantendu zen XX. mendera arte, Baionan izan ezik. Oihartzabalek esaten digunez, Baiona ez zen herri euskalduna XVI. mendean. Hizkuntzari dagokionez, hiri gaskoia zen; gaskoia zen hango mintzaira nagusia, nahiz eta euskara ere erabiltzen zen. Gaur egun ere, Baionako errepide-seinaleak hiru hizkuntzatan daude (euskaraz, gaskoiz eta frantsesez). 

Bestalde, XVI. mendean Elizaren jarrerak ere bereizi egingo ditu Iparraldea eta Hegoaldea, hizkuntzari dagokionez. Oihartzabalen esanetan, Espainian gaztelaniak berehala hartu zion aurrea latinari administrazioaren edo Elizaren munduan; Frantziako Erresuman, berriz, latina zen oraindik kulturaren eta erakundeen hizkuntza. Frantsesa boterearen hizkuntza zen, Paris eta haren inguruko jendearena, baina herritarren gehiengoak ez zekien frantsesez. Geroago ikusiko dugun moduan, 1789tik aurrera hasi zen frantsesa Frantzia osora zabaltzen, derrigorrean, askatasunaren izenean. 

Linguae Vasconum Primitiae, euskarazko lehen liburua    

Bernat Etxeparek 1545ean idatzi zuen euskarazko lehen liburua.

Giro horretan azaltzen zaigu Bernart Etxepare erretore garazitarra. Hark argitaratu zuen 1545ean euskarazko lehen liburua, Linguae Vasconum Primitiae, erdaraz idazteak euskarari sor ziezazkiokeen kalteez oharturik. Gainera, Etxepare bera izan zen euskararen normalizazioa eskatzen lehena, “Euskara, jalgi hadi plazara!” aldarrikapen ezagunarekin. Etxeparek bazekien euskarazko lehen liburua zela berea, baina ez zen euskaraz idazten zuen estreinako aldia. Oihartzabalen ustez, Etxepareren testuetako grafiari, ortografiari edo euskarari berari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu bazuela maila bat, eta horrek erakusten digu, seguruenik, bazela idazteko tradizio bat mundu pribatuan garatua izan zena, inprimategietatik aparte.   

Protestantismoa eta euskarazko lehen Biblia

XVI. mendean Erreforma Protestantea sortu zen Erromako Elizaren kontra, eta protestantismoa laguntza itzela izan zen Europako hainbat herri-hizkuntzarentzat. Martin Luther-ek, adibidez, Biblia itzuli zuen alemanera 1534an, hala aleman batuaren oinarriak finkatuz. Euskaldunoi dagokigunez, Nafarroako Joana erreginak Biblia herritarren hizkuntzetara itzultzeko eskatu zuen, eta euskarazko itzulpena Joanes Leizarragak egin zuen, apaiz-talde bat lagun hartuta. Leizarragak euskaldun guztientzat idatzi nahi zuela esan zuen, eta, harena, Ipar Euskal Herriko euskara batuaren lehen saiaketa izan zela esan dezakegu. 

Baina euskarazko testu eta liburuek irakurtzen zekien jendea behar zuten, eta Leizarragak euskaraz irakurtzen nola irakatsi behar zen ere landu zuen. Eta badakigu jantzi edo prestatu zituela zenbait gazte herritar, euskaraz irakurtzen eta idazten irakasteko, baina katolizismoa protestantismoari gailendu zitzaion, eta Leizarragaren Bibliak eta herritarrak alfabetatzeko asmoek ibilbide motza izan zuten. Helduen euskalduntze-alfabetatzea, bistan denez, ez zen gau-eskolekin edo euskaltegiekin hasi. 

Ororen Eskolak

XVIII. mendean hedatu ziren Iparraldean Ororen Eskolak, herrietako eskola txikiak.

Euskararen irakaskuntzaren gainean dihardugunez, bitxiak benetan XVII. mendean sortu eta, batez ere, XVIII. mendean Iparraldean hedatutako herrietako eskola txikien fenomenoa.  Ororen Eskolak izena jaso zuten, eta eragin handia izan zuten jendearen alfabetatzean. Ororen Eskolak Elizak bultzatu zituen batez ere, eta lehen helburua kristau-doktrina irakastea bazen ere, oinarrizkoak ziren hiru gaitasun ere lantzen ziren: irakurtzekoa, idaztekoa eta zenbatzekoa. 

Ororen Eskoletan erabiltzen ziren liburuen artetik, zorionez, bi gure eskuetara iritsi dira. Bata XVIII. mende-amaierakoa da, Instrukzionea Gazteriarentzat, eta 24 orrialdekoa da. Liburuxka horretako orrietan, erlijioaz gain, historia, fisika, Greziako mitologia, edo geografia ere azaltzen dira, aspaldiko galdera-erantzunen sistema pedagogiakoan oinarrituta. Euskal eskolak, beraz, ez ziren sortu 1960ko hamarkadan, ikastolekin batera.

Atala amaitzeko, esan dezagun badakigula gure eskoletan liburuak zeudela, eta badakigula, baita ere, euskal komunitateak bazituela beste bide batzuk herriaren sormena plazaratzeko. Koplak eta bertsoak, adibidez, garai hartan bizi-bizirik zeuden (aztarna gutxi geratu bazaigu ere), eta baita gaur arte heldu diren pastoralak ere, orduko herri-antzerkiaren adierazpen moduan. 

Sarako Eskola eta haren eragina

Eliza Katolikoa doktrinaren ezagutza eskatzen hasi zen protestantismoari aurre egiteko, eta horretarako, herri-hizkuntzak erabiltzeko eta doktrina herritarrek ulertzeko moduan emateko agindua eman zuen. Hori Iparraldean izan zen, batez ere, eta horrek hango garapen literarioa ahalbidetu zuen. Donibane Lohizune eta Sara inguruan bildutako idazle multzo batek osatu zuen loraldi literario horren erdigunea, eta Sarako Eskola deitzen zaio. Oihartzabalen esanetan, eskola antolaturik egon ez bazen ere, ez dago dudarik garai hartan euskaraz ari ziren idazleek elkar ezagutzen eta laguntzen zutela. Bereziki elizgizonen artean zer giro euskaltzale hura indartsua, eta eragin handia izan zuen. Euskaldun berriak sorrarazi zituen, eta Lapurditik kanpo ere bere eragina izan zuen. Horren adibide dugu Esteve Materre frantziar apaiza, 1617an argitaratu zuen euskarazko lehen doktrinarekin.    

Axularrek 1643an argitaratu zuen gure literaturare klasikoa den 'Gero' liburua.

Hala ere, Sarako Eskolako idazle guztien artean, Urdazubiko Pedro Agerre Axular nabarmendu behar dugu. 1643an argitaratu zuen gure literaturaren klasikoa den Gero liburua, eta bertan Axularrek garbi ikusi zituen euskara kultura idatzitik kanpo geratzeak zituen ondorio txarrak. Beraz, literatura lantzeaz gain, euskararen normalizazioa ere bilatzen zuten idazleok. 

Sarako Eskolak arrasto sakona utzi zuen gure herrian. Idazteko modu bat finkatu eta zabaldu zuen herritarren artean, eta horren adibide argia topatu zen 1757an Baionako portutik Kanadarantz abiatu zen itsasontzian. Bertan, besteak beste, euskaraz idatzitako 70 familia-gutun zeuden, eta Oihartzabalen esanetan, hor ikusten da uste baino herritar gehiagok zekiela euskaraz idazten eta irakurtzen. Ikusten da bazela euskara landu bat, euskaraz idazteko tradizio bat.   

XVII. mendearen amaierarako, baina, baldintza soziolinguistikoak aldatzen hasi ziren. Frantsesa eremu garrantzitsu batzuk betetzen hasi zen euskararen kaltetan, eta, ondorioz, euskarazko liburugintzak behera egin zuen, bai kantitatean eta baita kalitatean ere.  

Itsasoa eta pidginak

Iparraldeko egoerari errepaso sakona eman ondoren, saioaren amaiera aldera, itsasoari begira jarri ginen. Eta ikusi genuen XVI. mendean itsasoak garrantzia ikaragarria hartu zuela gurean. Elgoibarko Altzola dorretxeko armarria ere bada horren lekuko, Asentzio Altzolak, itsas kapitaina zenak, bere egintzak gogorarazteko, galeoi bat erantsi baitzion armarriari 1604an. Baleen arrantzarekin batera, bakailaoaren arrantzak ere indarra hartu zuen, eta euskal arrantzaleak, besteak beste, Kanadako Ternuan edo Labradorren egon zirela hamaika testutan jaso zuten garaiko kronistek. Bidaia haietan, euskal arrantzaleek harremanak izan zituzten bertako herriekin, eta herritarrek, besteak beste, larruak trukatzen zituzten burdinazko tresnak eskuratzeko. Truke horretarako derrigorrezkoa zuten elkar ulertzea, eta, hizketarako modu bereziak sortzen zituzten. Hizkera berezi horiei pidgin deitzen diegu. Pidginak hizkuntza diferenteak izan eta luzaroan harremanetan dauden bi gizatalderen artean komunikatzeko sortzen den komunikazio-tresna edo mintzaira da. Hizkuntza biren arteko nahasketa da, baina ez bata bestearen gainetik jarrita. 

XVI. mendearen hasieran euskarazko pidgin bat hitz egiten zen Islandian.

Pidgin-kontuan aditua den Peter Bakker-ek bideoan esaten digunez, ez dago zalantzarik XVI. mendearen hasieran euskarazko pidgin bat hitz egiten zela Islandian. “For ju mala guissuna” dugu esaldietako bat, euskaraz “zu gizon txarra zara” esan nahiko lukeena.

Bakker-en esanetan, euskal arrantzaleak sarri joaten ziren Islandiara arrantzara, eta garai hartako lau hiztegitxo ere iritsi dira gure eskuetara

Euskaldunek Kanadan izan zuten eraginaren aztarnak geratu dira hango toki-izenetan.

Eta Ternuan ere antzera izan zen. XV. eta XVI. mendeetan hara joandako euskaldunek harreman estuak sortu zituzten bertakoekin, eta kasu hartan ere beste pidgin bat sortu zen. Mikmak hizkuntzaren XVI. mendeko dokumentazioa gorde egin da, eta honako hitzak topa daitezke: makia (makila), kessona (gizona), basquoa (euskalduna), balia (balea). Euskaldunek Kanadan izan zuten eraginaren aztarnak geratu dira hango toki-izenetan ere (Burua, Balea Portu, Plazentzia, Etxaide Portu ...), edo Kanadan, bertako amerindiarren artean zabaldurik dagoen basque abizenean.   

Estatu bat, hizkuntza bat

XVIII. mendearen amaieran, 1789an, iraultza piztu zen Parisen, eta Pariseko legebiltzar berriak lege bakarra ezarri nahi zuen estatu osoan. Ondorioz, Iparraldeko hiru probintzietako legedi propioa desagerrarazi zuten, Biarnorekin bildu eta Frantziako departamendu bat sortzeko; gaur egun dagoen moduan, alegia. Gainera, hizkuntza eta identitate bakarraren  aldeko politika ere sendotzen hasi zen. 1794an Bertrand Barere frantses iraultzaileak hizkuntza nazionalaren ideia proposatu zuen: “Estatu batean, estatu nazional batean, hizkuntza bat egon behar du” esan zuen. Agirreazkuenagaren esanetan, ideologia hura berria zen. Ordura arte lurralde berean zeuden hizkuntzak erabili egiten ziren, baina, normalean, ez bata bestearen kontra. Baina une hartatik aurrera, askatasunaren izenean, hizkuntza bat beste guztien gainetik jarri zen Frantzian. Frantsesa inposatu egin zen, eta beste guztiak estatuaren aurkakoak ziren; euskara, tartean. Errepublika berriak, beraz, bertako herri-hizkuntza guztiak suntsitzeko politikari ekin zion; gaur egun oraindik ere indarrean dagoen politikari, hain zuzen ere. Ondorioz, Iparraldeko euskal hiztunak mutu geratu ziren, asko elebakarrak baitziren.  

Eta Espainian ere antzeko dinamikari ekin zitzaion. Frantzian abiatutako estatu bat, hizkuntza bat ideologia Hegoaldean ere aplikatzen hasi ziren, eta XIX. mendean gero eta nabarmenagoa izan zen gaztelaniaren derrigortasuna, gainontzeko hizkuntzen kaltetan. 

Bizirik, hala ere

XVI. mendean Tafalla aldean zegoen euskararen muga, eta bi mende beranduago ere bai.

Beraz, Aro Modernoaren amaieran, frantsesaren eta gaztelaniaren derrigortasuna euskaldunon gainera jausten hasi zen. Baina, hala ere, euskaldunok eutsi egin genion gure hizkuntzari lurraldearen parterik handienean. Horren adibide dugu Artaxoa herria. Elizak XVI. mendean egindako herri euskaldunen zerrendan azaltzen zen Nafarroako erdialdean dagoen herria, eta bi mende geroago, halaxe segitzen zuen. 1790ean, herriko auziak konpontzeko, bigarren idazkari baten premia izan zuten Artaxoan, eta Udalak, alkatea buru zela, euskaraz zekien idazkaria hartzeko eskaria egin zuen, “... Ororbia, natural de la referida villa, posee la lengua vascongada, que es la que comúnmente se usa en la misma ...”.

XIX. mendean gertatuko zen atzerakada azkar eta handiaren atarian, ezarritako muga eta lege guztien gainetik, Aro Modernoan ere euskaldunak izateko nahia erakutsi zuen euskal jendeak.