Sare Eguna egingo dute Mendaron azaroaren 22an

elgoibarren.net 2014ko aza. 11a, 08:12

 
Euskal preso eta iheslarien aldeko Sare herri-sarea sortu dute Mendaron ere, eta egitasmoarekin bat egin duten mendaroarrek Sare Eguna antolatu dute azaroaren 22rako. Alkortara igoerarekin batera egingo dute, eta , besteak beste, herri kirolak, herri bazkaria eta kontzertuak antolatu dituzte. (egitaraua dauka)

 
 

Euskal preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetuko duen herri sarea ehuntzea da Sare izeneko egitasmoaren helburua. Joan den ekainean aurkeztu zuten Donostian eta herritarrei konponbidearen parte izateko deia egin zieten sustatzaileek. Deiari erantzunez, Sarera batzea erabaki dute zenbait mendaroarrek, “konponbidearen amarauna josteko”. 

Egin klik irudian Sare Eguneko eta Alkortara igoerako egitaraua ikusteko.

Euskal preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetuko duen norbanakoen sare herritarra sortu nahi dute Mendaron, “aniztasunean, elkartasunean eta errespetuan” oinarrituta. Hainbat arlotan diharduten mendaroarrek sinatutako idatzia kaleratu dute, eta idatzian diote aniztasunetik gutxieneko batzuk adostu eta hortik giza eskubideen urraketak amaitzeko dinamikak lantzea dutela asmoa. Egitasmoaren aldeko atxikimenduak batzen dihardute egunotan, eta joan den barixakuan talde-argazkia egin zuten ia ehun mendaroarrek. Horiez gain, Sare Eguna antolatu dute azaroaren 22rako.