Iñigo Ucin DanobatGrroupeko zuzendari nagusiak jaso zuen Global Asia saria, joan den azaroaren 13an egin zuten sari banaketa ekitaldian. Txinatarrek Madrilen duten Kultur zentroan egin zuten ekitaldia, Zhu Bangzhaoren (Txinako enbajadorea Espainian) parte hartzearekin, besteak beste.
DanobatGroupetik jakinarazi dutenez, Global Asia sari “entzutetsuek” Espainia eta Txinaren arteko enpresa arteko hartu emanak, erakundeen artekoak zein gizarte harremanak hobetzen laguntzen duten erakundeei errekonozimendua egiten diete. Aurten, DanobatGroup-ek jaso duen sariaz gain, Wanda Group-eko Wang Jianlin jauna eta Ramon Tamames Ekonomian katedraduna, eta Txinari buruzko hainbat libururen idazlea ere saritu dituzte.
•Arrakasta izan nahi duten enpresentzat "erreferente"
Ivan Mañez Global Asiako sortzaile eta zuzendariaren esanetan, DanobatGroup erreferente da Txinan arrakasta izan nahi duten enpresentzat, eta Txinan negozioak egiteko “Txinatartzeak” duen garrantziaz jabetu den enpresaren adibide garbia da.
DanobatGroup-entzat Txinan daraman ibilbide luzearen errekonozimendua da saria, eta baita bultzada bat ere, “datozen urteetan bide horretatik jarraitzeko”. Txina “funtzesko” merkatutzat dute. Horregatik dute duela hogei urte baino gehiagotik hona 30 laguneko lantaldea Pekinen lanean. Era berean, 600 makinatik gora dauzka enpresa-taldeak herrialde horretan eta bertako aditu taldeak “ondo” ezagutzen ditu bezero txinatarraren ezaugarriak eta Danobat eta Soraluceko makinen “goi mailako teknologia europarra”. Era honetan, DanobatGroupek bezero txinatarrei teknologia globala eskaintzeko aukera du “bertako egiteko modua, zerbitzua eta disponibilitatearekin”. Txinan arrakasta izateko “gakoa” pertsonak direla dio DanobatGroupek, eta hori dela “enpresaren aktibo nagusia”.
Espainia eta Txinaren arteko harremanetan nabarmendu diren enpresa zein pertsonak saritu dituzte Global Asiako aurreko edizioetan. Besteak beste, Zhu Bangzhao Txinako enbajadorea Espainian, Juan Antonio Samaranch, Eugenio Bregolat, Agencia Xunhua, Banco Santander edo ICBC.