Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak boluntarioak behar ditu janari bilketa bat egiteko

elgoibarren.net 2014ko aza. 19a, 12:19

 
Oinarrizko beharra dutenei laguntzeko janari bilketa bat hasi nahi dute herriko saltokietan Elgoibarko Gizarteratze Mahaia osatzen duten elkarte eta erakundeek (Sartu, Lanbide, Nagusilan, Kalamua Guraso Elkartea, Elgoibarko Caritas, Pobreziaren Kontrako Plataforma, Stop Desahucios, Elgoibarko Gurutze Gorria eta Elgoibarko Udala), Gipuzkoako Elikagaien Bankuak azaroaren 28an eta 29an egin asmo duen janari bilketa kanpainarekin bat eginez. Boluntariok behar dituzte.


 Gipuzkoako Elikagaien Bankuak janari bilketa masiboa antolatu du lurraldeko 30 herritan azaroaren 28 eta 29rako. Iaz egin zuten estreinakoz, eta arrakastatsua izan zen oso deialdia: 350.000 kilo batu zituzten Gipuzkoako hipermerkatu eta supermerkatu handietan. 

 Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak bat egin du ekimenarekin eta eurak arduratuko dira janari bilketaz, eta bilketan parte hartzeko prest dauden boluntarioei izena ematera dei egin diete. Boluntarioek, txalekoak jantzirik, merkataritza-gunean sartzen direnei poltsa bana eskainiko diete, irteerakoan janariz beteta itzultzeko gonbidapena luzatuz. Hala, oinarrizko beharra dutenei laguntzeko aukera edukiko dute herritarrek.
 Azaroaren 28an eta 29an, -barixakua eta zapatua-, 9:00etatik 21:00etara arituko dira janaria biltzen. Boluntario izateko interesatuek lehenbailehen eman behar dute izena, txandak antolatu ahal izan ditzaten. Izena emateko Elgoibarko Udaleko Gizarte Ongizate Sailera (Kalegoen 6 behea) jo, edo honako telefonora hots egin: 943 741 008.