Herriguneko kaleak autoentzat itxita egongo dira Mugikortasun Iraunkorraren Astean

elgoibarren.net 2014ko aza. 20a, 07:39

Mugikortasun Iraunkorraren Astea izango da azaroaren 24tik 30era, Nire autorik gabeko hiria lemapean. Ohiturak aldatzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko kanpainaren barruan, herriko erdigunea itxita egongo da ibilgailuentzat.



  Elgoibarko Udalak laugarren urtez antolatu du Mugikortasun Iraunkorraren Astea, eta egitarau zabala prestatu dute, Nire autorik gabeko hiria lemapean. Udal arduradunek jakinarazi dutenez, espazio publikoa berreskuratzea izango da aurtengo erronka nagusia. Kaleak berriz ere oinezkoentzako berreskuratu nahi dituzte, batez ere umeentzat. Horretarako erdiguneko kaleetan egoten den auto kopurua gutxitu nahi dute.
Mugikortasun Iraunkorraren Asteak iraungo duen bitartean, azaroaren 24tik 30era, herritarren ohituretan eragin nahi dute, eta bereziki, autoa aparkatzeko ohiturak aldatzeko ahalegina egingo dute. Horretarako herriko erdigunea itxita egongo da motordun ibilgailuentzat (salbuespenak: anbulantzia eta garajeetara doazenak), astelehenetik domekara, eguneko 24 orduetan. Hortaz, San Frantzisko, San Bartolome, Errosario eta Santa Ana kaleetan ezingo da aparkatu. Zamalanak egiteko guneak soilik erabili ahal izango dira.

Jarduera gehiago ere antolatu ditu Udalak.
  • Oin Alai egitasmoan parte hartzen duten boluntarioei podometroak banatuko dizkiete, oinez ibiltzeak osasunean dituen onurak ikustarazteko. Eskolara bidean zenbat pauso ematen dituzten neurtuko dute, eta horren arabera kalkulatuko dute zenbat CO2 aurrezten den.
  • Herriko Lehen Hezkuntzako ikasleek isun sinbolikoak jarriko dizkiete gaizki aparkatuta dauden ibilgailuei.
  • Elgoibarko Udaltzaingoko udaltzainburuak, Debegesaren laguntzarekin, bide heziketari buruzko saioa eskainiko die bost urteko herriko umeei, kalean nola ibili behar duten ikasteko.
  • Emugiko auto eta bizikleta elektrikoak probatzeko aukera egongo da, doan, Udaletxera deituta.
  • Bigarren eskuko produktuen merkatua egingo dute Lekueder parkean, azaroaren 29an. Herriko ikastetxeek liburuak, jostailuak, bitxikeriak, apaingarriak...; Parrokiako misio taldeak bidezko merkataritzako produktuak; eta, Miski Gobernuz Kanpoko Erakundeak Peruko artisautzako hainbat produktu jarriko dituzte salgai, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Egun berean, material birziklatuekin Gabonetako apaingarriak egiteko tailerra egongo da umeentzat, 12:00etatik aurrera.

Lotura duten albisteak: