Satse, SME, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, Osakidetzako langileek egun osoko lanuztea egingo dute gaur Gipuzkoako osasun zentroetan, eta Elgoibarren ere deialdiarekin bat egin dute hainbat langilek.
Osasun publikoa indartzea, enplegua sortzeko proposamen "finko eta ganorazkoa" lantzea eta langileen egoeran urteotan izandako atzerapausoei buelta ematea dira eskari nagusiak. Era berean, deitzaileek osasun arloaren pribatizazioa eta egindako murrizketak salatu dituzte, eta esan dute "botere finantziarioak" sortutako krisiaren ondorioak eurak ari direla ordaintzen. Horien arabera, 3.000 langile kaleratu dituzte, eta beste 8.000 lagun behin-behineko kontratupean daude, eta horri buelta emateko 1.200 postuko deialdi publiko bat behar dela diote.
Lurraldeka antolatu dituzte egun osoko grebak: azaroaren 13an Arabako zentro guztietan egin zuten; gaur (azaroak 20), Gipuzkoakoetan, eta 27an, Bizkaikoetan egingo dute greba. Azkenik, auzia konponduta egon ez badago, abenduaren 4an Osakidetzako zentro guztietan egingo dute greba.