Katamalo musika taldearen zuzeneko diskoa, esklusiban BARRENen

elgoibarren.net 2014ko aza. 20a, 11:07

Katamalo musika taldeak Plateruenea Durangoko Kafe Antzokian eskaini zuen orain arteko azken kontzertua, 2011. urtean. Orduko kontzertuaren grabazioarekin egin duten diskoa Durangoko Azokan salgai jarriko dute.  Aurretik, ordea, Tokikomeko hedabideei eskaini diote saltzeko, Plateruena diruz laguntzeko kanpainaren barruan. Hortaz, BARREN aldizkariaren erredakzioan eskuratu ahal izango duzue Katamaloren azken zuzenekoaren diskoa, esklusiban. 

 

1706636326575 Katamalo musika taldearen zuzeneko diskoa, esklusiban BARRENen

Hamarkada bat bete du Plateruena Durangoko Kafe Antzokiak, baina ez da ziurra urte gehiago beteko dituen, egoera ekonomiko larrian daude-eta. Azpiegitura eraikitzeko asko zorpetu ziren eta 250.000 euro bankuei itzuli beharrak egitasmoaren bideragarritasuna zalantzan jarri du. Hala, Plateruena diruz laguntzeko kanpaina abiatu zuten joan den irailean.

 Kanpainaren erdira ailegatuta, orain arteko emaitza jakinarazteko agerraldia egin dute aste honetan, Jone Miren Goenaga Platerueneko lehendakariak eta Nerea Iriarte zuzendaritza batzordeko kideak (ondoko argazkian). Jakinarazi zutenez, diru ekarpen kanpainagaz lortu beharrekoaren laurdena eskuratu du Plateruenak

  Katamalo taldearen diskoen salmenta, Kafe Antzokiaren etorkizuna ziurtatzeko bide bat gehiago da. Gotzon Barandiaran taldekideak azaldu duenez, Plateruenak diru ekarpen kanpaina abian jarri zuela jakin zutenean erabaki zuten euren “ekarpen xumea” izan zitekeela Plateruenan emandako kontzertu hartako grabazioaren eskubideak Plateruenari eskaintzea, eta horren salmentatik ateratako dirua Plateruenera bideratzea, “bidelagun izan ditugunei laguntzeko”. Barandiaranek azpimarratu du, duela hamar urte sortu zenetik, Durangoko kafe antzokia beti egon dela Katamalo eta antzeko proiektuekin inplikatuta. 

1706636326681 Katamalo musika taldearen zuzeneko diskoa, esklusiban BARRENen

BARRENen eta Elgoibarko Izarran salgai 

 Tokikomeko hedabideek bat egin dute Katamaloren diskoaren salmenta kanpainarekin, tartean BARREN aldizkariak. Hortaz, BARREN aldizkariaren erredakzioan (Kalebarrren, 2) eta Elgoibarko Izarraren bulegoan (Ubitarte, 4) eskuratu ahal izango da Katamaloren diskoa, esklusiban. Zortzi euroren trukean eskuratu daiteke.