Martxa Morea izango da aurtengo berrikuntza azaroaren 25aren harira antolatutako ekintzetan

elgoibarren.net 2014ko aza. 21a, 09:57

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko eguna dela eta, emakumeenganako indarkeria salatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte, Elgoibarren eta Mendaron. Ekintza gehienak martitzenean bertan egingo dituzten arren, asteburuan pankarta erraldoi bat ere egingo dute Mendaroko Gaztelekuan, Beldur Barik lelopean. Aurtengo berrikuntza, baina, Martxa Morea izango da. 1,7 kilometroko ibilbidea korrika, oinez, bizikletan, patinetean edo bakoitzak nahi duen moduan egin ahal izango du.

 

 Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak hainbat ekintza antolatu ditu azaroaren 25erako. Hasteko, Oihulari Klown taldeko kide den Dorleta Kortazar ipuin kontalariak umeentzako saioa eskainiko du Gotzon Garate Udal Liburutegian, 17:00etan. Ondoren, 19:00etan, kontzentrazioa egingo dute Kalegoen plazan, eta gero, Martxa Morea egingo dute. 1,7 kilometroko ibilbidea izango da: Kalegoen plaza - Errosario - San Frantzisko - Maala - Bernardo Ezenarro - San Bartolome - Santa Ana - Ubitarte plaza - San Ignazio - Kalegoen plaza. Ibilbidea korrika, oinez, bizikletan, patinetean edo bakoitzak nahi duen moduan egin dezake. Antolatzaileek arropa morea eramateko eskatu dute. Martxaren ostean, 19:40ean, azaroaren 25eko komunikatua irakurriko dute Kalegoen plazan. 

 Mendaron, bestalde, umeentzako tailerrak egingo dituzte martitzenean, 17:00etatik aurrera. Ludotekako begiraleen laguntzaz, iman tailerra egingo dute, eta oin markak margotuko dituzte, indarkeriaren kontrako pausoak emanez. 18:30ean, bestalde, pankarta egingo dute Beldur Barik lelopean, eta txapa moreak banatuko dituzte.

Indarkeriaren prebentzio programa Elgoibarko ikastetxeetan

 Indarkeria matxistaren kontrako hausnarketa lantzea eta harreman berriak sortzeko oinarriak jartzea dira Elgoibaro ikastetxeetan egingo duten indarkeriaren prebentzio programaren helburuak. Elgoibarko Institutuko eta Elgoibar ikastolako ikasleei zuzendutako saioak izango dira.