'Euskaldun sortu ginen, eta, nahigabe guztien gainetik, horrek gaitu betetzen'

Elgoibarko Izarra 2014ko aza. 24a, 14:46

Etsita eta mutu geratu zen euskal jendea Francoren diktadura gure gainera jausi zenean. Euskal Herriko paisaia iluna zen benetan, eta erdara gero eta toki zabalagoa hartzen hasi zen, euskararen kaltetan. Hala ere, 1960ko hamarkadan, berriro esnatu zen euskaldunak izateko nahia.

 

Etsaingo azken euskalduna

Etsainen 1953an hil zen azken euskaldunaren oroimenezko oroitarria.

Azken bideoa elurpean ageri den Nafarroako Etsain herrixkako irudiekin hasten da. Herri hartan 1953an hil zen azken euskaldunaren oroimenez jasotako harriarekin, hain zuzen ere, Franco hil arte oroitarria ezkutuan izan bazuten ere. Diktadorea aspaldi hil zen, zorionez, eta  harria ez ezik, 61 urte geroago, euskaldunak ere bistaratu dira Etsainen. Azken euskaldunak badu ondorengorik.      

Jarraidura eta irekidura

Beharbada, hau da seigarren ataleko ideia nagusia. Jon Sarasua irakasleak plazaratutakoa da, eta euskaldunon historia bi kontzeptu horien uztartzean laburbil daiteke. Sarasuak berak bideoan esaten digun moduan, jarraidura, jaso duguna hartu, hortik bizi, hori garatu eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko sena da. Irekidura, berriz, garai eta egoera politiko, ekonomiko eta kultural berriek dakarzkigutenari irekiak egotea da; datorrenari aterik ez ixtea, finean. 

Euskararen eta Euskal Herriaren historia jarraiduraren eta irekiduraren arteko etengabeko dialektika da, Sarasuaren ustez. Euskara ez da aspalditik datorren esentzia bat; euskara, ezer bada, herri hau mendeetan zehar ibili izanaren edo existitu izanaren ondorioa da. 

Jarraiduraren eta irekiduraren arteko etengabeko dialektika izan da euskaldunona.

Joxe Angel Irigarai idazle eta kulturgilearen ustez ere, gure etxea, euskara, gaurko munduan txertatzen ahalegindu behar dugu. Orain arte hala izan da, eta gaur egungo erronka nagusia ere hori da. Jakin egin behar dugu zertan izan behar dugun sendo eta muinari lotuak (tradizioa), eta zertan malguak eta irekiak (irekidura). Horretan datza bizitzaren dialektika.  

 Jarraiduraren eta irekiduraren arteko uztarduraren adibide dira, besteak beste, euskal kantagintza edota bertsolaritza. 

Ez Dok Amairu! 

 60ko hamarkadan hasi zen bistaratzen euskal kantagintza berria. Irigaraik bideoan dioen moduan, bazirudien euskalduna iraungia zela, itzalia, baina ordura arte zokoratua, menderatua eta ezabatua zirudien hura berpizten hasi zen. Euskara bera ere etxe-zulotik plazara irteten hasi zen, eta, testuinguru horretan, gurean, musika eta kantagintza izan ziren munduan gertatzen ari zen aldaketaren islarik naturalena. Mixel Labéguerie kantari lapurtarrak, adibidez, jauzi kualitatiboa ekarri zuen kantagintzara; kanta politikoak eta pertsonalak jaso zituen, eta gizartearen kezkak kantatzen hasi zen. Irigaraik dioenez, handik aurrera, euskal kantagintza ez zen beste batzuen kopia izan. Geu ere, geure mundutxotik, gai ginen gure kantagintza sortu edo egiteko.

Ez Dok Amairu kultur-mugimenduak tradizioa eguneratu zuen 60ko hamarkadan.

1965ean Ez Dok Amairu kultura-mugimendua sortu zen, eta mugimendu horrek berehala ulertu zuen tradizioari eutsi egin behar zitzaiola, baina ez tradiziokeria, folklore edo etnografia hutsa egiteko, baizik eta hori dena gaurkotzeko; ur berrietatik edan eta gaurko moldeetara ekartzeko, alegia. Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Artze anaiek musika tradizionalaren gaineko ideiak astindu zituzten. Irigaraik dio kantaldietan, adibidez, euskal kanta zahar baten ondoren, Vietnamgo Gerrari buruzko edo Detroiteko beltzen aldeko kantak abesten zituztela batere arazorik gabe. Jarrera hark euskaldunok, eta euskara, munduan kokatzen gintuen. 

 Gazte haien jarduerek oihartzun zabala izan zuten gizartean, baina ez pentsa denek ondo ikusi zutenik aldaketa hura. Gainera, Espainiako gobernuaren zentsurak eta debekuek are eta gehiago zailtzen edo oztopatzen zuten taldearen dinamika. Ez Dok Amairu taldea 1972an desegin zen, baina bide berriak zabaldurik zeuden, eta euskal kantagintza oparoa izan zen hurrengo urteetan. Eta ez kantagintzan bakarrik; antzerkian, arte plastikoetan edo literaturan ere eragina izan zuen, eta Irigaraik dioenez, produkzioa euskaraz egiten zen gehienbat, baita erdaldunen artean ere.  

Bertsolaritza, sortzeko eta bizitzeko 

Bertsolaritza ekosistema moduan antolatzen asmatu dute bertsozaleek.

Bertsolaritza da tradizioa eta modernitatea modu ezin hobean uztartzen jakin duen kultura-diziplina. Sarasuaren esanetan, garai hartan belaunaldi bat bertsolaritza berria amesten hasi zen. Bertsolaritzak masa-kultura izan behar zuela amesten hasi ziren; eskoletan belaunaldi berriei transmititu behar zitzaiela; telebistan eta medio berrietan ere tokia behar zuela; formatu berriak landu behar zituela; edo masa-fenomenoa ere izan behar zuela. Orduan ametsa zena, errealitate bilakatzen joan da poliki-poliki. 

Hori dena lortzeko, bertsolaritzak bere burua autoantolatzen jakin du. Bertsolaritza, ekosistema moduan antolatzen asmatu dute bertsozaleek, eta tradizioaren eta sorkuntzaren arteko gurutzaketa propioa eta alaia eratu dute. Bertsolaritzari lotutako tradizioa hartu zuten, baina ez iraunarazi behar zen zerbait moduan bakarrik ulertuta. Sarasuaren esanetan, bertsolaritza ez zuten ulertzen iraute huts modura, sortzeko edo bizitzeko kultura-modu bezala baizik. 

Ikastolak

36ko Gerra amaitu eta gutxira zabaldu zen ikastolen hazia, klandestinitatean.

36ko Gerra amaitu eta gutxira zabaldu zen ikastolen hazia, klandestinitatean izan bazen ere. 1944an, Elbira Zipitriak ezkutuko euskarazko eskola jarri zuen martxan Donostiako bere etxean, eta haren arrastoan abiatu ziren beste irakasle batzuk ere. Dena dela, ikastolen benetako eztanda 60ko hamarkadan izan zen. Sarasuaren esanetan, txundigarria da orduko gurasoen belaunaldiak ikastolak sortzeko izan zuen argitasuna. Euskara hegemonikoa izango zuen hezkuntza-eredua sortu zuten hutsetik hasita, eta frankismoa gori-gorian zegoela, gainera. Transmisio-sen hori izan da, Sarasuaren ustez, euskaldunok honaino ekarri gaituen gako nagusia. 

Irigaraik, berriz, ikastolen sortze-eta garatze-prozesuan erdaldunek izan zuten papera azpimarratzen du. Gure herri handietan eta hirietan erdaldunak gehiengoa ziren; hala ere, erdaldun abertzaleek eta euskaltzaleek euskararen aldeko apustua egin zuten. Euren ondareak, denbora eta energia jarri zituzten hemengo hezkuntza euskaraz ere izan zedin. 

Euskara batua 1968an

1968an, Arantzazun, euskara batua sortu zuten han bildutako hizkuntzalariek eta idazleek.

1968an, bestalde, Euskaltzaindiaren aspaldiko ametsa bete zen. Koldo Mitxelena, Gabriel Aresti, Txillardegi eta beste euskaltzale batzuek bultzaturik, hizkuntzalari eta idazle ugari bildu zen Arantzazun euskararen batasunari irtenbide bat emateko. Eztabaida sutsuak izan ziren (h letrari lotutakoak, batik bat), baina, azkenean, Mitxelenak proposatutako eredua onartu zuten; nafar-gipuzkera ardatz zuen idatzirako euskara, alegia. 

Sorreratik beretik batek baino gehiagok euskara batua errezeloz hartu bazuen ere, hizkuntza estandarrak bere bidea urratu zuen; komunikabideetan eta ikastoletan, batez ere.    

Herri-ekimena eta euskara-elkarteak

Denboran salto txiki bat eman, eta XX. mendeko azken bi hamarkadei erreparatu genien ondoren, garai hartako euskalgintzaren mapa errepasatzeko. Herri-ekimenari esker sortutakoei dagokienez, irakaskuntzan ikastolak eta herri-eskolak geneuzkan; aldizkariak, irratiak eta Euskaldunon Egunkaria, komunikabideetan; gau-eskolak eta euskaltegiak, helduen euskalduntze-alfabetatzean; Euskal Herrian Euskaraz, hizkuntzaren defentsan; bertsolaritza, literatura, musika... Sarasuaren ustez, azpimarratzekoak dira, benetan, hiztun-komunitate moduan izan dugun nortasun-sena, batetik, eta gure herriari darion autoeraketa-sena, bestetik. Haren esanetan, autoantolatzeko eta sareak sortu eta kudeatzeko jenio edo nerbio berezia izan du gure hiztun-komunitateak. Aretxabaletarrak dioenez, oso herri gutxitan daude, inon baldin badago,  herri-ekimenean oinarritutako antzeko berreskurapen-prozesuak. Hori inportantea da, haren ustez, zer izan garen eta zer garen ulertzeko. 

Euskara-elkarteen mugimendua Arrasaten sortu zen, AED-rekin, 1985ean.

1985ean, berriz, Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) euskara-elkartea sortu zen, eta haren arrastoan sortu ziren antzeko elkarteak hainbat eta hainbat herritan. Euskara-elkarte horiei zor diegu, besteak beste, euskarazko tokiko komunikabideak. Elgoibarko Izarra ere euskara-elkarteen mugimenduko kide da 1991tik, elkartea 1963an sortutakoa bada ere.

 

 

Euskara eta mundu digitala

Euskararen garapena mundu teknologikoari lotuta ere etorriko da aurrerantzean.

Konturatu ere egin gabe, XXI. mendean gaude, eta mende honetan euskarak, munduko gainerako hizkuntza guztien moduan, berria den egoera batean dakusa bere burua. Teknologia berrien eragina izugarria da, eta, besteak beste, euskararen jokalekua mundu digitalean ere badago.

Iratxe Esnaola informatika-ingeniariaren ustez, argi izan behar dugu mundu digitalak, bere horretan, ez duela miraririk ekarriko. Mundu digitalean parte hartzeagatik ez da euskararen egoera aldatuko. Esnaolaren esanetan, mundu birtuala mundu errealean egin eta lortzen dugunaren isla izango da.  

Edozein modutan, Esnaolak bideoan dioen moduan, badakigu euskaldunon komunitatea konprometitua dela, eta beti egokitu dela garaian garaiko beharretara, eta kasu honetan ere hala izan da. Horren adibideak ditugu, esaterako, Wikipediak hasieratik izan duen bilakaera, askotariko gai ezberdinen inguruan sortu diren blogak, edo atari digital hau bezalako euskarazko komunikabideak.

Euskaldunon gaur egungo bizimoduak beste eremu bat du begien aurrean, gure egunerokotasunaren parte bilakatu dena, gainera, eta euskara eremu horretara ere ekarri behar dugu. Aurrerantzean, euskararen garapena mundu teknologikoari lotuta ere etorriko da.        

Sarasuaren ustez, gure seme-alabentzat hautu bat izango da euskaraz bizitzea. Teknologia berriek ekarri duten eskaintza zabal, interesgarri eta aberats horren aurrean (etxe barruan ez ezik, norberaren baitan ere sartu dena), eguneroko hautua izango da euskaraz bizitzea.  

Botila apurtuta dago!

XXI. mendean sartu berri garen honetan, beraz, euskal komunitatea pentsaezina zen egoeran dago: euskara izugarri zabaldu da mundu digitalean; Interneti esker, hiztun-komunitateak mundu fisikoaren mugak gainditu ditu; milaka ikasle euskaldundu dira; ehunka disko eta liburu plazaratzen dira ... Kopuruak handiak eta onak dira. 

Maila kualitatiboan, baina, Sarasuaren esanetan, huts egiten hasi gara. Besteak beste, ez dugulako lortzen euskalduntzen ditugun belaunaldi horiek euskaldun izateko borondatea ekoiztea euren baitan. Inoizko hiztun-kopururik altuena izateak ez du esan nahi hizkuntza- komunitatea ondo dagoenik, eta Sarasuak bideoan esaten digun moduan, ikuspuntu mediku batetik, hiztun-komunitatea gaixorik dago, eta gaixotasuna serioa da. 

Zer ikusi nahi dugu, botila erdi beteta ala erdi hutsik? Sarasuaren ustez, galdera ez da zuzena, botila zulatuta dago eta. Botila betetzen da, komunitatearen ahaleginari esker, baina zulatuta dago, eta gaur irabazten duguna bihar galdu egiten da. Botilak duen zuloa konpontzen ez badugu, ez dago botila betetzerik. Bestalde, aldarte- edo jarrera-kontua ere badago. Sarasuak dioenez, ikaragarria da gure komunitateak egindako lana eta ahalegina, eta baita emaitzen parte bat ere, eta horrek ematen digun pozak eta harrotasunak izan behar dute aurrera egiteko energia-iturri.  

Negarra begietan eta irria eta euskara ezpainetan

Oso atzera begira ekin genion Euskara Jendea ikastaroari, baina, poliki-poliki, iritsi gara gure hizkuntzaren historia ezagutzeko antolatu dugun ikastaroaren amaierara. Eta ikusten dugu XXI. mendera ere bizirik iritsi dela euskara-jendea. Ez, beharbada, nahiko genukeen bizi-indarrarekin, baina handia da hizkuntza-komunitate txiki honek egin duen ibilbidea.     

Zergatik egon dira lotuta hainbeste mendetan herri hau eta euskara? Sarasuak dioen moduan, komunitateak sortzeko hainbat arrazoi edo irizpide egon daitezke (lurraldea, sinesmena ...), baina, gure kasuan, mundu honetan gaudenetik, mendez mende, hizkuntza izan da komunitateak bere burua definitzeko hartu duen irizpidea. Irigarairen esanetan ere, euskara eta euskal jendea dira Euskal Herria ardazten duten elementuak. 

Gaur egun, baina, Euskal Herrian euskalduna izatea aukera edo hautu pertsonala eta kontzientea da, eta herri hau etorkizunean euskaldun izateko behar duen ekosistema ez badugu nahikotasun-maila batean ziurtatzen, gureak egin du, herri edo komunitate moduan. 

Xalbadorren bilobak esaten digun moduan, euskara eta irribarrea izan behar ditugu ezpainetan.

Kronika honetako azken berbak Xalbadorrentzat eta haren biloba den Amaia Airerentzat gorde ditugu. Amaiak, bere aitonak bezala, askotan pentsatu izan du gure bizitza sinpleagoa eta erosoago litzatekeela espainiar edo frantses izango bagina, baina euskaldun sortu ginen, eta, nahigabe guztien gainetik, horrek gaitu betetzen eta munduan kokatzen. Euskaldunok,  negarra maiz begietan izan arren, irria eta euskara behar ditugu ezpainetan aitzina egiteko.  

 

Eskerrik asko, Xamar!

Hurrengoan ere izango dugu aitzakiaren bat Xamarri deitzeko.

Amaitu da Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean antolatu dugun ikastaroa. Eta kronikei dagokienez ere, hau izango da azkena. Baina ez dugu azken kronika itxiko Xamarri eskerrak eman gabe. Eskerrak ematen dizkiogu, beste batzuekin batera, Euskara Jendea bideo-sorta osatzeko egindako lan itzelarengatik. Eta eskerrak ematen dizkiogu, baita ere, Elgoibartik egindako deiari oraingoan ere baietzarekin erantzuteagatik. Xamarrekin egoten garen bakoitzean asko ikasten dugu, baina zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gutxiago dakigula konturatzen gara, eta hurrengoan ere topatuko dugu aitzakiaren bat gurera gonbidatzeko.