Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak hainbat ekintza antolatu ditu gaurko. Hasteko, Oihulari Klown taldeko kide den Dorleta Kortazar ipuin kontalariak umeentzako saioa eskainiko du Gotzon Garate Udal Liburutegian, 17:00etan. Ondoren, 19:00etan, kontzentrazioa egingo dute Kalegoen plazan, eta gero, Martxa Morea egingo dute. 1,7 kilometroko ibilbidea izango da: Kalegoen plaza - Errosario - San Frantzisko - Maala - Bernardo Ezenarro - San Bartolome - Santa Ana - Ubitarte plaza - San Ignazio - Kalegoen plaza. Ibilbidea korrika, oinez, bizikletan, patinetean edo bakoitzak nahi duen moduan egin dezake. Antolatzaileek arropa morea eramateko eskatu dute. Martxaren ostean, 19:40ak aldera, azaroaren 25eko komunikatua irakurriko dute Kalegoen plazan.
Mendaron, bestalde, umeentzako tailerrak egingo dituzte, 17:00etatik aurrera. Ludotekako begiraleen laguntzaz, iman tailerra egingo dute, eta oin markak margotuko dituzte, indarkeriaren kontrako pausoak emanez. 18:30ean, bestalde, pankarta egingo dute Beldur Barik lelopean, eta txapa moreak banatuko dituzte. (egitaraua -PDF-)