Estilo librean eta txuri-beltzean ateratako argazki digitalen kategorian eskuratu du saria Iñaki San Martin Soartek. Kategoria horretan, India, Turkia, Iran, Bangladesh edo Saudi Arabiako argazkilariek lortu dituzte lehen sariak, eta horien artean dago Soarteren Txikian Haundia izeneko argazkia, joan den abuztuaren 25ean Kalegoen plazan atera zuen argazkia. Aurtengo eta aurreko urteetako Txiki Egunetan ateratako lau argazki aurkeztu zituen Soartek lehiaketara; bi aukeratu zizkioten eta bat saritu. FIAP-ek (Argazki Artearen Nazioarteko Federazioa) ematen duen brontzezko domina jaso du argazkilari elgoibartarraren argazkiak, Marmaris International Photography Festival lehiaketan. Saritutako gainerako argazkien kalitatearekin txundituta geratu da Soarte. (ikusi hemen saritutako argazkiak)
•Txiki Egunaren berri munduan
Soartek lehenago ere irabazi ditu sari gehiago nazioartean, azkena Serbian, baina Txiki Egunean ateratako argazki batekin sari bat irabazteak ilusio berezia egin diola onartu du. “Egun berezia da oso elgoibartarrontzat eta sari honekin urruneko lekuetan ere izango dute Txiki Egunaren berri, besteak beste, saritutako argazkiekin erakusketa antolatuko dute-eta urtarrilean”. Sari honen zatitxo bat Mauxitxa txarangarentzat ere badela dio Soartek, Txiki Eguna berezia bada, hein handi batean, haiei esker ere badelako.
- Soartek ateratako argazki gehiago www.fotografiasoarte.com webgunean ikus ditzakezue.
∞Lotura duten albisteak:
- Iñaki San Martin 'Soarte' argazkilariaren lan bat saritu dute Calellako Festimatge jaialdian (2014-03-13)
- Saritutako argazkia ezagutarazi du Iñaki San Martinek (2013-04-24)
- Soka Dantzako irudiekin argazki erakusketa osatu du Iñaki San Martinek (2009-01-14)