Martxa Morea izan da aurtengo berrikuntza azaroaren 25aren harira antolatutako ekintzetan, eta arrakastatsua izan da estreinako deialdia, jende askok hartu zuen-eta parte herriko kaleetan barrena, 1,7 kilometroko ibilbidean, egin zuten martxan. Pankartaren atzetik egin zuten lehen itzulia, prisarik gabe, eta hala nahi izan zutenek bigarren itzuli bat egiteko aukera ere izan zuten, norberak bere erritmora. Martxa Morea hasi baino lehen elkarretaratzea egin zuten Kalegoen plazan. Eta martxaren amaiera, berriz, azaroaren 25eko adierazpen instituzionala irakurri zuten.
•Protokoloa eta 2014ko datuak
Duela bi urte jarri zuten martxan Elgoibarko Udalean genero indarkeriaren kontrako protokoloa eta horren barruan lan ezberdinak egin dituzte. Lan horietako bat da Emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko datuak azaleratzea. 2014ko urtarrilaren 1etik azaroaren 25ra artekoan, 11 tratu txar kasu zenbatu dituzte Elgoibarren (22 izan ziren 2013an eta 18 kasu 2002an), eta ez dute sexu erasorik zenbatu aurten (iaz bi izan ziren). Jarritako salaketa kopuruak gora egin du aurten, zenbatutako kasuetatik %67ak jarri baitu salaketa. Iaz %53ak jarri zuen salaketa. Biktimen jatorriari dagokionez, artatutako kasuen %18 atzerritarrak ziren. Aldiz, aurreko bi urteetan %50era iristen zen batez bestekoa hori. Erasotzailearen batez besteko adina 42,1ekoa da (iaz 35,5).
- Datu guztiak ikusteko: 2014an artatutako kasuen txostena -PDF-