Makina erremintaren euskarazko hiztegi tekniko digitala berritu eta osatu du DanobatGroup taldeak

elgoibarren.net 2014ko aza. 27a, 13:28

Badira urte batzuek DanobatGroup kooperatiba taldeko enpresek euskararen erabileraren aldeko planak dituztela martxan eta plan horietatik sortutako lanak argitaratu eta jende guztiaren eskura jartzen dituztela. Horien artean, aurtengo honetan berritu eta osotuta aurkezten duen makina erreminta alorreko irudi zein hitzak euskaraz kontsultatzeko hiztegi tekniko digitala osatu eta berritu dute.

 

 Hiztegi honek, batetik, gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara kontsulta teknikoak egiteko aukera eskaintzen du. Bestetik, DanobatGroup –en diseinatu eta ekoizten diren hainbat makinen irudiak ere agertzen dira eta irudi horietan hiztegiko hitzak ikusi ahal izango dira. Horrez gain, nahi duen guztiak proposamenak egiteko aukera izango du hitzen bat ez badu aurkitu. Ondorengo URLan dago denentzat eskuragarri http://hiztegia.danobatgroup.com/ eta bertan sartuz gero paperean argitaratzeko aukera ere ematen du.

 Artezteko makinak, tornuak, ebaketa eta zulaketako makinak, xafla transformaziorako teknologia eta fresatzeko makinetako plano mekanikoetan agertzen diren terminoekin sortu da batez ere, baina horiez gain, artezketa prozesua definitzeko erabiltzen diren hainbat berba, Danobat Koop. E.ak argitaratutako Tailerreko Eskuliburu Teknikoan argitaratutako hitzak, eta Ideko Koop. E.ak lantzen diharduen osasungintza, aeronautika eta trenen sektoreko hitzak jasotzen ditu.

 Etengabe lantzen ari den hiztegia da hau, eta noizean behin eguneratu egingo dute taldeko beste kooperatiba batzuetako terminoekin eta eguneroko lanean sortzen diren hitzekin.

Lehiaketa

1706636304385 Makina erremintaren euskarazko hiztegi tekniko digitala berritu eta osatu du DanobatGr

Hiztegi ezagutzera emateko eta euskararekiko duten konpromisoa sustatzeko lehiaketa bat antolatu dute Elgoibar, Bergara eta Soraluzeko eskoletako DBH 3. Eta 4. Mailetako eta lanbide heziketako ikasleekin (1.550 inguru) eta baita DanobaGroup taldeko langileen artean (1.000 inguru). Hiztegiari lotutako ariketa bat bete behar dute, eta partaideen artean opariak banatuko dituzte. Euskararen Egunean, abenduaren 3an, jakinaraziko dituzte sarituak. 

Euskararekiko konpromisoa DanobatGroup-en

DanobatGroup-ek euskararekiko eta euskal kulturarekiko "atxikimendu eta sentsibilizazio berezia" erakutsi ditu sorrera-sorreratik. Atxikimendu hori langileei begira zein gizarteari begirakoa da. Taldeko lantegiak dauden herrietako hainbat ekimenetan parte hartzen du, eta aldi berean, eragileak dira. Gaur egun, DanobatGroup-en euskara planak daude martxan, erabilera areagotzeko, langileen motibazioan eragiteko eta ezagutza handitzeko.

Lotura duten albisteak: