Duela 8 urte beste egiten da euskaraz Elgoibarren, baina estatistikoki espero zitekeenaren gainetik

elgoibarren.net 2014ko aza. 27a, 14:25

Soziolinguistika Klusterrak Udalaren beraren enkarguz egindako euskararen erabileraren inguruko kale neurketaren berri eman du Elgoibarko Udalak. Kalean egin dute behaketa, eta 6.246 herritarrek osatu dute ikerketarako lagina. Hizkuntza-gaitasuna eta erabilera neurtu dituzte, giroa edo zonaldea, sexua, adin-tartea eta beste hainbat aldagairen arabera, eta lehenengo begiratuan ondoriorik adierazgarriena zera da: gaur, duela zortzi urte beste euskara egiten dela kalean; ez gehiago, eta ez gutxiago [Herri gehienetan errepikatzen den joera].

 

 Bada kontu bat, Elgoibarren lehenengoz neurtu dutena eta kontuan hartzea komeni dena: euskaldun batek zer aukera duen euskaraz egiteko, euskaldun kopurua aintzat hartuz, ez baitago erabileraz gardentasunez hitz egiterik herrian zenbat elebakar eta elebidun dauden kontuan hartu gabe. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik hizkuntza gutxiagotuen erabileraren auzia ebazteko sortu zuen formula matematikoaren arabera neurtu dute hori, eta hortik atera dute, Elgoibarren, euskaraz egiteko aukera edo erabilera isotropikoa deitzen dutena %26koa dela. Hortik ondoriozta dezakegu euskaraz egiteko dagoen aukeratik gora egiten dela gaur euskaraz Elgoibarren (erabilera erreala). Hau da, euskaldunak euskaraz egiteko aukera duenean eusten diola euskarari.

1706636298659 Duela 8 urte beste egiten da euskaraz Elgoibarren, baina estatistikoki espero zitekeen

Erabilera isotropikoak zera adierazten du: euskaldunek zenbat erabiltzen duten euskara, aukera duten guztietan euskaraz egiten dutela suposatuta. Eta hori neurtzeko Txillardegik proposatu zuen formula matematikoak dio euskararen erabilera-maila hiru osagairen funtzio zuzena dela: elebidunen proportzioa, mintzakide taldearen tamaina edo solaskide kopurua erabilera askean eta hizkuntza gutxiagotuarekiko leialtasuna. Funtsean Txillardegik formula matematiko horrekin erakutsi nahi zuena da euskaldunok noiznahi, nonahi eta edonorekin erdaraz egiteko aukera izan arren, ez dugula beti erdaraz egiten, eta zorizko harreman posibleetan, estatistikoki espero daitekeenaren gainetik [erabilera isotropikoa] egiten dugula euskaraz, euskaldunok euskaldunekin batzera eta euskaldunekin jardutera jotzen dugulako.

Erabilera, adinaren arabera

Erabilera isotropikoaren eta erabilera errealaren arteko harremana alde batera lagata, baina, egia da ondorioen artean badirela zer pentsatua ematen duten datuak ere. Esate baterako, hau: gaur oraindik ere, haurren artean egiten da euskara gehien, 2tik 14 urte bitartekoen artean, alegia. Haurrek %54 egiten dute euskaraz, helduek %35, gazteek –15-24 urte artekoek– %34, eta adinekoek, %27. Eta, jakina, logikak erakusten duena betetzen da: paseo eta jolaslekuetan entzuten da kalean euskara gehien (%53), eta gutxien, berriz, gazte giroan, txikiteoan eta erosketa giroan (%24). Ikastetxeetako sarrera-irteera orduetan ere egin dituzte neurketak, eta batez beste %46 egiten bada ere, datuek argi erakusten dute ikastetxe batetik bestera alde handiak daudela eta horrek lotura zuzena duela ikasleen adinarekin. Erabileraren bilakaerari erreparatuz gero, ikus daiteke haurren eta helduen erabilerak gora egin duela 2008tik hona, baina aldiz, gazteen eta adinekoetan euskararen erabilerak behera egin duela. Haurrek egiten dute euskara gehien beraz, eta jakina, haurren presentziak nabarmen areagotzen du euskararen erabilera. Datua argia da: nagusiak bakarrik daudenean erabilera %25,6koa da, eta haurrekin daudenean bi aldiz euskara gehiago egiten dute (%68). Eta nagusirik tartean ez denean, haurren euskararen erabilera %47koa da.

1706636298783 Duela 8 urte beste egiten da euskaraz Elgoibarren, baina estatistikoki espero zitekeen

1706636298923 Duela 8 urte beste egiten da euskaraz Elgoibarren, baina estatistikoki espero zitekeen

Emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago 

Azkeneko datu bat ere nabarmendu dute ondorioetan, generoari dagokiona. Horren arabera, emakumezkoek (% 43) gizonezkoek (%36) baino gehiago hitz egiten dute euskaraz kalean. Hori bai, tentuz hartu behar da datu hori ere, ikertzaileek eurek onartzen dutelako kalean behatu dituzten emakume asko haurrekin hitz egiten ari zirela behatu dituztenean. Horrek erakusten du, beraz, hizkuntza transmitzeko nahia badutela helduek, gero euren artean egin ez arren.