Hiru adin tartetan banatuta lehiatuko dira aipaturiko 70 dantzariak: A sailean 7-10 urteko 23 dantzari arituko dira, B sailean 11-14 urte bitarteko 26 dantzari, eta D sailean, 15-16 urteko 21.
Ligaxkako estreinako saioan Inazio Bereziartua Dantza eta Musika eskolako bi dantzarik hartu zuten parte, Duna Santosek D sailean eta Haizea Luluagak B sailean. Eskolako arduradunek azaldu dutenez, "maila ona" eman zuten bi dantzariek eta pozik daude Legazpiko Latxartegi aretoan egin zituzten dantza saioekin.
Dantzari zaharrenek, B eta D sailekoek, hiru saiotan parte hartu beharko dute maiatzera bitartean. A sailean lehiatuko diren dantzari gazteenek, berriz, otsailaren 25ean hasiko dute ligaxka, Oiartzunen, eta bakoitzak bi saio egin ondoren, horiek ere maiatzean amaituko dute txapelketa.
Elgoibarko Aurresku txapelketaren 23. edizioa izango dena martxoaren 10ean jokatuko dute, Elgoibarko Herriko Antzokian.