Hasteko, eta ohi legez, meza ospatuko dute San Bartolome parrokian, 11:00etan. EMUDAFE Elgoibarko Musika eta Dantza Federakuntzak Aldakan taldearen kontzertua ere antolatu du egun horretarako. Herriko Antzokian izango da, 12:30ean. Txato Martin (ahotsa, perkusioa), Marcio Padoan (gitarra), Pablo Ramos (saxoa), Elias Toledo (tronboia), Asier Sanchez (tronpeta), Ibai Encina (bateria), Jimmy Bidaurreta (teklatua, synth bass) eta Sergio Lopez Landachek (congak) osatzen dute taldea eta musika afrolatinoa egiten dute; Cumbia, Funk, Afrobeat, Chamame, Songo, Festejo, Plena eta Swing erritmoak.
Umeentzako eskaintza ere izango da San Anton egunez Elgoibarren. Batetik, Kalegoen plazan eta Aita Agirre plazan parkea izango dute (euria egingo balu, Sigmako aparkalekuan). Goizez, 11:30etik 14:00ak arte egongo da zabalik, eta arratsaldez, 16:30etik 19:30era.
Bestalde, 17:30ean erraldoi, buruhandi eta zezenzikletak kalejiran irtengo dira dultzaineroek lagunduta.