Elgoibarko Izarrak eta Udalak kudeatzen duten Auzoko egitasmoaren barruan antolatu dute jai mexikarra, Elgoibarren bizi diren eta Auzoko egitasmoan diharduten bi mexikarren laguntzarekin. Jai mexikarra joan den zapatuan egin bazuten ere, lehenagotik hasi zituzten prestaketak. Izan ere, jai mexikar bete-betea izan zedin piñatak behar zituztela erabaki zuten, eta horiek egiten ikasteko tailerra egin zuten abenduaren 16an. Piñatak egiteko deialdiak arrakasta handia eduki zuen eta parte hartu ezinda ere gelditu ziren zenbait familia, parte hartu zuten 17 familiekin Elgoibarko Ludotekak duen aforoaren mugara iritsi baitziren. Piñaten oinarriak egin zituzten Ludotekan eginiko ikastaroan, eta joan den zapatu goizean osatu zituzten, Kultur Etxeko sotoan egin zuten ikastaroaren bigarren zatian. Hamalau piñata sortu zituzten guztien artean.
Eskulanen ostean hasi zen jai mexikarra. Auzoko egitasmoko kide mexikarrek egindako hiru piñata ireki zituzten umeek eta gurasoek makilkadaka, abesti mexikar tradizional bat kantatzen zuten bitartean. Piñata barruan zeuden goxokiak batu ostean, Mexikoko gastronomiako jakiak probatzeko aukera izan zuten jai mexikarrera batutakoek. Ia 70 lagunek hartu zuten parte festan.