Gipuzkoar Merkataritza Enpresa Sarien XXII. edizioko sari banaketa ekitaldia egin zuten, joan den azaroaren 28an, Gipuzkoako Bazkundeko egoitzan.
Ordiziako Oskarbi Oinetakoak enpresa komertzialak jaso zuen sari nagusia: 2014ko Gipuzkoako Merkataritza Enpresa saria. Bezeroari bideratuta duen estrategiagatik, hazteko duen gaitasunagatik, lanpostuak sortzeagatik eta on line salmenten bitartez gaurko garaietara egokitzeagatik eman diote saria Oskarbi Gurrutxagak gidatzen duen enpresa. Jatorria Ordizian duen enpresa izan arren, Beasain, Zumarraga, Arrasate, Donostia, Eibar, Irun, Olaberria eta Oiartzungo kale komertzialetan ere saltokia daukate.
•MG Etxea Gipuzkoako 10 bitxietako bat
Bazkundeak ematen duen sariaz gain, 10 bitxiak sariak ere banatu zituzten. Sari horiek, eskualdeka ematen dira, eta merkatariak eurak dira sariak ematen dituztenak boto bidez. Eskualdeko merkataritzaren ezaugarri diren balore, irudi eta prestigioa saritzen dute. Aurten, etxea eta kultura sektoreko Gipuzkoako hamar merkataritza enpresa esanguratsuenak omendu nahi izan dituzte, eta Debabarrenako merkatariek Elgoibarko MG Etxea Burdindegia denda saritu dute.