Liburuak sei atal dauzka, eta atal bakoitza elkarteko bazkide batek idatzi du. Eta bestelako lanak ere bazkideen artean egin dituzte: Andres Alberdik euskara-zuzenketak egin ditu, Asier Orbeak erretratu-lanak, eta Leire Rubiok diseinu -eta maketazio-lanak. Larrañagaren esanetan, liburuan jaso den eduki interesgarriaz gain, lan hau egiterakoan bazkideek izan duten parte-hartzea eta herritarren protagonismoa dira, beharbada, liburuaren bi zutabe nagusiak.
Liburuak 10 euroko prezioa izango du (8 euro, elkarteko bazkideentzat), eta Elgoibarko Izarran eta BARRENen egongo da salgai.
Sei leiho Elgoibarko euskaldunak ikusteko
1. Elgoibar duela 50 urte.
Andres Alberdi izan da atal honen arduraduna. Garai hartako datu soziolinguistikoekin batera, lau lagunekin egindako mahai-inguru sakona eskaintzen digu Andresek. Gainera, duela 50 urteko Elgoibar hobeto ulertzeko, beste sei herritarren testigantzak eta bizipenak ere kontatu ditu atzera begira egindako atal honetan.
2. Elgoibarko Izarra Kultur Elkartea
Imanol Larrañagak josi du atal hori, eta, besteak beste, elkarteak 50 urtean egindakoaren errepasoa eta balorazioa egin du. Gainera, sortzaileen eta hiru lehendakarien berbak ere jaso ditu, eta baita hamar bazkideren Elgoibarko Izarrarekiko sentimenduak eta bizipenak ere.
3. Elgoibar gaur egun
Egungo egoera deskribatzeko ardura Kristina Zuatzubizkarrek eta Itziar Agirregomezkortak izan dute. Atalaren oinarrian, egungo egoera soziolinguistikoa ezagutzeko taulak eta datuak daude, baina bestelako normalizazio-planen berri ere ematen da. Atala Lore Laspiurren iritzi-artikuluarekin amaitzen da.
4. Elgoibar 50 urte barru
Ane Odria da etorkizunari begira jarriko gaituen atalaren arduraduna. Ane herriko 16 gizarte-eragilerekin egon da, eta, besteak beste, elkarte-eragile bakoitzari galdetu dio zer egiteko prest dagoen Elgoibar 50 urte barru herri euskalduna izan dadin. Atalaren bigarren partean, berriz, lau gazte bildu ditu mahai baten bueltan, eta gazte horiek euskara zelan bizi duten azalduko digu.
5. Euskal herrietatik guri begira
Ainara Argoitiak jarri ditu inguruko herrietakoak Elgoibarri eta elgoibartarroi begira. Eta galdetu die ea zelan ikusten duten Elgoibar eta Elgoibarko Izarra. Eta atalaren bigarren zatian, berriz, HUHEZIko irakaslea eta soziolinguistikan aritua eta aditua den Julen Arexolaleiba arrasatearrari euskalgintzaren gaineko elkarrizketa luzea eta sakona egin dio.
6. Elgoibarko Izarraren 50. urteurrena
Liburuari amaiera emateko, Ainhoa Mendibilen atala dator. Bertan, Elgoibarko Izarraren 50. urteurrenaren harira 2013ko martxoaren 15ean Herriko Antzokian izan zen errekonozimendu-ekitaldian ikusi eta bizitakoa jaso du Ainhoak. Besteak beste, orduko erretratuak, testuak eta bertsoak jaso ditu denon gozamenerako, eta, gainera, ia ekitaldi osoa ikusteko eta entzuteko moduan laga du, QR-sistemaren bidez.