Euskadiko Aretoko Arku Tradizionaleko eta Arku Biluziko V. Txapelketa jokatu zen joan den urtarrilaren 11n Lazkaoko Joxemiel Barandiaran kiroldegian. Elgoibarko Zarta taldeak bi ordezkari izan zituen arku instintiboen modalitatean: taldeko presidentea den Sergio Fernandez elgoibartarra eta Asier Agirre zumaiarra. Duela hilabete batzuk batu zen taldera Agirre, eta Euskadikoa parte hartzen zuen estreinako txapelketa izan arren, ez zitzaion igarri hasiberria denik, eta hirugarren postuan sailkatu zen. Euskadiko selekzioko kide diren Betiondo taldeko bi arkularik bakarrik erakutsi zuten Agirrek baino punteria hobea. Basilio Izquierdok irabazi zuen urrezko domina eta Juan Lopezek zilarrezkoa. Era berean, Laugarren postuan sailkatu zen Sergio Fernandez elgoibartarra. (ikus sailkapenak eta argazki gehiago mitxelo.com helbidean)
• Basoko eta aretoko arku tiraketak uztartuz
Zartako kideek urteak daramatzate aretoko arku tiraketa txapelketetan parte hartzen, baina azken aldian basoko ibilbideen aldeko apostua egiten dihardute eta gero eta gehiago hartzen dute parte modalitate horretako txapelketetan. Bata edo bestea baztertu gabe, biak txandakatu nahi dituztela jakinarazi dute Zartako kideek. Hala, Basoko arku tiraketa txapelketa batean parte hartuko dute Zartako zenbait arkularik urtarrilaren 25ean, “San Sebastian” torneoan, hain zuzen ere. Ordiziako arkulari taldearen instalazioetan jokatuko da txapelketa. Era honetako Euskadiko onenetarikoa dela argitu du Zartako kide Jose Luis Garciak. Era berean, berarentzat eta jaime Martinezentzak “etxera itzultzea” modukoa izango dela gaineratu du, Ordiziako taldeko kideak izan dira-eta biak hainbat urtean.