San Anton jaiak ate joka

Barren.eus 2015ko urt. 16a, 15:27

San Anton Eguna da bihar, urtarrilak 17, eta horren harira, jai egitarau zabala prestatu du Elgoibarko Udalak astebururako. Herriko ostalari talde bat ere batu da festara eta txerri-pote izeneko ekimena antolatu dute zapaturako.

San Anton Egunaren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte astebururako. Gaur arratsaldean flash mob-a egingo dute Biraka dantza taldekoek, Kalegoen plazatik Maalaraino. Gauean antzerkiak eta kirolak osatuko dute jai egitaraua. Kultura Sailak La del manojo de rosas zartzuela antolatu du. Pablo Sorozabal musikariak eginiko obra da. 1934an estreinatu zuten, eta garai hartako Madrilen girotuta dago istorioa. Hiri txikia zen orduan Madril eta denek ezagutzen zuten elkar. El manojo de rosas izeneko lora-dendan Ascension izeneko neskak lan egiten du, eta Joaquin eta Ricardo haren maitasuna bereganatzen saiatuko dira. Sarrerak 10 euro balio ditu. Sarrerak www.kutxabank.es helbidean erosi daitezke, eta saltzen ez direnak Herriko Antzokiko lehiatilan erosteko aukera egongo da. Emanaldia 20:30ean hasiko da, Herriko Antzokian. 

21:30ean, berriz, lau astoren arteko desafioa hasiko da Sigmako probalekuan. Otsourtia (Elgoibar), Alegria (Bermeo), Txibilter (Azkoitia) eta Lobeneko (gatika) astoen arteko dema izango da. Astoek 580 kiloko pisua duen Sigmako harriarekin egin beharko dute lan, eta ordu erdian plaza gehien egiten duenak irabaziko du. Sarrerak 15 euro balio ditu.

San Anton pilota txapelketako finalak ere gaur iluntzean jokatuko dira, 22:00etatik aurrera Ikastolako frontoian. Promesetan Unanue eta Juaristi azkoitiarrek Hernandez eta Flores oiartzuarrak izango dituzte aurrez aurre. Nagusietan, berriz, Ugalde eta Aldapek osatutako bikoteak Larrañaga eta Murgiondoren kontra jokatuko du.

• Sendabelarrak zigilu erakusketan

2015 01 16 sanantonegitarauaBihar, bestalde, San Anton jaien bueltan antolatzen duten zigilu erakusketa inauguratuko dute Altzolatarren Dorretxea filatelia elkartekoek. Aurten sendabelarrak izango da erakusketako gaia, Gabon Zahar feria egunean sendabelarrei buruzko postuak jartzen zituztenen omenez. 85 bilduma zigilu bildumak osatuko dute erakusketa. 12:00etan zabalduko dute erakusketa, eta hilaren 25era arte egongo da ikusgai. Horrez gain, meza nagusia izango da 11:00etan San Bartolome parrokian, eta umeentzako parkea ere jarriko dute Kalegoen plazan, goizez eta arratsaldez. 17:00etan, berriz, erraldoi eta buruhandien kalejira izango da. Emudafek, bestalde, kontzertua antolatu du: Musikeneko metal taldeak eskainiko du emanaldia, Herriko Antzokian. Domekarako Oliver magoaren ikuskizuna antolatu dute, eta etxeko txikiak eta hain txikiak ez direnak aho-zabalik utziko ditu. 16:30ean hasiko da saioa.

•Txerri-potea 

2015 01 16 txerripoteoaElgoibarko ostalari talde batek txerri-pote izeneko ekimena antolatu du. Maalako parkean txerri bat erretzea zuten hasierako nahia, baina Maalako parkea estaltzeko obrak atzeratu direla-eta, txerri-potea antolatzea erabaki dute. Txerri okelarekin egindako pintxoak prestatuko dituzte tabernetan, eta edanarekin batera 2,50 euroan eskainiko dituzte. Lanbroa, Pilon, Maala, Iriondo, Txarriduna, Malape, Ilunpe, Kaia, King Kong, Salento, Urkiola, Orbea eta Gabi taberna eta jatetxeek parte hartu dute ekimenean.