Biraka dantza taldekoen flash mob dantzak eman zion hasiera barixakuan, San Anton Egunaren harira antolatutako ekintza sortari. Barixaku gauean kultur eta kirol jarduerak izan zituzten aukeran herritarrek. Batetik, Amorantek Kultur Etxeko sotoan eskaini zuen kontzertua eta La del manojo de rosas zartzuela Herriko Antzokian. Eta, bestetik, San Anton pilota txapelketako finala Ikastolako frontoian eta lau astoren arteko desafioa Sigmako probalekuan.
Lehietako emaitzari dagokionez, Larrañaga eta Murgiondo bikote azpeitiarrak irabazi zuen San Anton pilota txapelketako finala, nagusien mailan. Azpeitiarrek 22 eta 13 irabazi zieten Ugalderi eta Aldaperi. Promesa mailako finalean Hernandezek eta Floresek osatutako bikoteak lortu zuen garaipena. Oiartzungo bikoteak Unanue eta Juaristi azkoitiarrei irabazi zieten, 22-19ko emaitzarekin. Frontoiko harmailak nahiko hutsik zeudela jokatu ziren finalak. Hotza eta euria egin zuen barixaku gauean eta, ekaitzaren eraginez, birritan joan zen argia promesa mailako finala jokoan zen bitartean.
Pilotariak lehian ari ziren aldi berean jokatu zen lau astoen arteko desafioa Sigmako probalekuan, han ere sarrera handiegirik gabe. Astoek 580 kiloko pisua duen Sigmako harriarekin egin behar zuten lan, eta orduerdiko lanaren ostean, Bermeotik etorri zen Alegria izeneko astoak egin zituen plaza gehien: 99 plaza eta 0,89 metro, hain zuzen ere. Gatikako Lobene astoa sailkatu zen bigarren postuan 95 plazarekin. Elgoibarko ordezkaria, Otsourtia, sailkatu zen hirugarren postuan. 93 plaza, sei zinta eta 0,70 metroko markarekin. Azkoitiko Txibiter sailkatu zen azken postuan (87 plaza, bi zinta eta 4 metro).
•Bernabe Mujikari eta Jose Agustin Olasolori omenaldia
Meza nagusiarekin hasi ziren zapatuan San Anton Eguneko ospakizunak. Eguerdian, berriz, zigilu erakusketa inauguratu zuten Kultur Etxean. Aurten sendabelarrak da Altzolatarren Dorretxea filatelia elkartekoek antolatu duten erakusketako gaia, Gabon Zahar feria egunean sendabelarrei buruzko postuak jartzen zituzten Bernabe Mujika eta Jose Agustin Olasolo Lauko elgoibartarren omenez. 85 zigilu bildumak osatutako erakusketa hilaren 25era arte egongo da ikusgai.
Musikeneko metal taldeak Herriko Antzokian eskaini zuen kontzertura 200 bat lagun batu ziren zapatu eguerdian. Umeentzako haur parkean zein erraldoi, buruhandi, dultzainero eta zezenzikletek egin zuten kalejiran, baina, ez zen jende askorik ibili.
ARGAZKIAK: