Mugertza krosak goi mailako parte hartzearekin estreinatuko du IAAF kategoria

Barren.eus 2015ko urt. 21a, 14:33

IAAF kategoria eskuratu ostean, munduko hamabi kros lasterketa onenen artean dago orain Juan Mugertza Nazioarteko krosa. Eta, Mintxeta Atletismo Taldekoek goi mailako krosa prestatu dute domekarako, beste behin ere. Zazpi atleta afrikar egon dira eguerdian egin duten aurkezpenean, tartean Paul Tanui eta Emily Chebet keniarrak: 2012ko krosa irabazi zuen Tanuik eta birritan irabazi du munduko kros txapelketa Chebetek, 2010ean eta 2013an. 

Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) kros lasterketen egutegian sartu du aurten estreinakoz Elgoibarko Juan Mugertza Nazioarteko Krosa. Antolatzaileek 72. edizioaren aurkezpen ekitaldian azaldu duten moduan, kros lasterketen “champions”ean dago orain krosa, hamabi krosek osatzen dute-eta IAAF kategoria. Maila batean zein bestean egon, urte guztian egiten du lan Mintxeta Atletismo Taldeak krosa antolatzen. Domekan, urtarrilaren 25ean, 10:00etan hasita (emakumezkoen lasterketa nagusia 12:30ean hasiko da eta 13:00etan gizonezkoena), maila guztietako hamar lasterketa  ikusteko aukera izango da Mintxetan. Ia 800 atleta ekarriko dituztela jakinarazi du Zigor Diez Mintxeta Atletismo taldeko ordezkariak.

• Munduko txapeldun bikoitza emakumezkoetan

2015 01 20 mugertzaemilychebetworldcrossSenior lasterketei dagokionez, atleta afrikar onenetarikoak kontratatu ditu Mintxetak. Emakumezkoetan Emily Chebet (Kenya, 1986) nabarmendu behar da. Bi alditan izan da munduko txapelduna (2010ean eta 2013an), eta horrez gainera laugarren postuan sailkatu zen Moskuko Munduko Atletismo Txapelketan, 10.000 metroetako lasterketan. Aurkari gogorrak izango ditu, ordea, Chebetek. Mercy Cherono herrikidea izango da horietako bat. Munduko txapeldunordea da pistan, 5.000 metroko distantzian (Mosku, 2013) eta emaitza onak lortzen ari da kros denboraldi honetan, Soriako krosa irabazi zuen eta bigarren egin zuen Atapuercan. Gainera, ondo ezagutzen du Mintxetako zirkuitua, iaz laugarren postuan sailkatu baitzen eta txapeldunorde izan zen 2013an. Aurten Venta de Bañoseko krosa irabazi duen Mimi Belete ere bada proba irabazteko faboritoa. Eta Sara Moreira portugaldarra ere ezin da baztertu, besteak beste Elgoibarren irabaztea zer den ondo ezagutzen duelako, 2011ko garaipenaren ostean. 

• Paul Tanuiren itzulera

2015 01 21mugertza2012tanuihelmugaGizonezkoen lasterketa irabazteko faboritoen zerrendan Paul Tanui (Kenya, 1990) nabarmendu behar da. Munduko kros txapeldunorde izateaz gainera, -2011n lortu zuen- Mugertza krosa irabazitakoa da. 2012ko edizioa, hain justu ere. Helmuga marran bertan hartu zion aurrea Geoffrey Kipsang herrikideari, Mintxetako harmailetan zegoen jendea aulkietatik altxarazi zuen amaiera estu eta emozioz betean. Sasoi betean dago Tanui eta 2014ko sailkapenean bigarren postuan dago 10.000 metroetako lasterketan.

Tanui ez da sasoiko dagoen bakarra, baina. Teklemarian Medhin (Eritrea, 1989) kros denboraldi aparta egiten ari da eta garaipenak lortu ditu Lasarteko krosean zein Italicakoan. Tanui moduan, munduko txapeldunorde izandakoa da gainera Medhin, 2013an Polonian jokatu zen Munduko Kros Txapelketan, hain zuzen ere. Argi ibili beharko dute biek Jairus Birech (Kenya, 1992) gaztearekin. Diamond League prestigiotsua irabazi du 3.000 metro oztopoetako proban eta Mintxetakoek begiz jota zuten atletetako bat zela aitortu du Zigor Diezek. “Demaseko erakustaldiak eman ditu udan eta argi geneukan Elgoibarrera ekarri nahi genuela. Ikuskizun hutsa da”. Polat Kemboi Arikan, keniarra jaiotzaz, baina nazionalitate turkiarreko atleta, ere gertutik jarraitu beharko da, bera baita egungo Europako txapelduna krosean. Joshua Cheptegei ugandar gaztea -18 urte ditu- da Mintxetakoen aurtengo apustuetako bat. Beti saiatzen dira etorkizunean zeresana eman dezaketen “perla” gazteak Elgoibarren ezagutarazten eta Cheptegeik bete dezakeela paper hori pentsatzen dute, Leonard Patrick Komonek egin zuen moduan. 

Lotura duten albisteak: