Elgoibarko udalak 13.682.562,85 euroko aurrekontua onartu du 2015erako, iaz baino 793.258 euro gehiago, hain zuzen ere. %6,15 handitu da aurrekontua. EAJk nabarmendu du Elgoibarko udalaren egoera finantzieroa ona dela, eta une honetan 1.081.035 euroko aurrezki garbia daukala.
• Elgoibarko Udal aurrekontuak, urtez urte
2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | 2014 | 2015 |
16.861.269€ | 14.340.734€ | 13.477.135€ | 12.714.216€ | 12.553.391€ | 12.889.304€ | 13.682.562€ |
• Kalitatezko botoari esker
Elgoibarko alkatearen kalitatezko botoarekin onartu zuten atzo Udal Gobernuaren aurrekontu proposamena. Izan ere, Fernando Suarez PSE-EEko zinegotziak ezin izan zuen udalbatzarrera azaldu, osasun arazoak direla-eta. Hala, berdinketa izan zen aldeko eta kontrako botoen artean: 8 alde (EAJko zazpi zinegotziak eta PSE-EEko bat), eta beste 8 kontra (EHBilduko zazpi zinegotzien eta PPko zinegotziaren botoak). Bigarrengoz eman behar izan zuten botoa eta bigarren itzulian ere emaitza bera errepikatu zenez, alkatearen kalitatezko botoari esker irabazi zuen baiezkoak.
•Diru gehiago sail guztientzat
Aurrekontuak sailka aztertuz gero, sail guztiek jasoko dute aurten diru gehiago, baina sail batzuetan igoerak txikiagoak izan dira besteetan baino: segurtasun sailak izan du igoerarik txikiena (625,6 euro), eta horren atzetik Ongizate saila da iazkoarekin konparatuta diru gutxien jasoko duena (4.150,3 euro). Beste muturrean Hirigintza saila dago, berak izan baitu igoerarik handiena (652.411,4 euro). Azkeneko urteetako joera mantendu da aurtengo aurrekontuetan ere, eta Hirigintza sailak jasoko du diru gehien: 5.948.446.35 euro. Hirigintza sailaren barruan inbertsio errealen atalak 1.929.263,5 euro hartuko ditu, aurrekontuaren %14,10, hain zuzen ere. {aurreko urtean 1.590.365 euro izan ziren eta milioi bat euro 2013an}
• Inbertsio aipagarrienak
- 200.000 euro aurreikusi ditu udalak Bolatokian dagoen lokala erosteko. Aita Agirre plazako kulturgunea osatu nahi dute lokal horrekin, eta herriko elkarteek erabiltzeko egokituko dute. Kultura, euskara edo hezkuntza arloetan diharduten talde eta elkarteak erdigunean, herriaren bihotzean, batu nahi dituzte udal agintariek, eta asmo hori gauzatzeko erosi nahi dute baxu hori.
- Pedro Mugurutza kaleko izpi enpresaren lokala egokitzeko 112.000 euro inbertituko dituzte. Toletxegain tren geralekuaren parean dago lokala. Aita Agirren obrak egin bitartean eraikin horretan dauden elkarteak han kokatuko dituzte.
- Beste inbertsio garrantzitsu bat memoria historikoa berreskuratzeko egingo dute: 200.000 euro erabiliko ditu udalak kolunbarioa egiteko. Diru hori aurreratuko du udalak, baina gero Jaurlaritzak itzuliko dio. Frankismoan desagerrarazitakoen kolunbarioa egingo du Jaurlaritzak Elgoibarren, 36ko gerratik Francoren diktadura amaitu arteko biktimak oroitzeko.
- Gaztetxea egokitzeko lanetarako 50.000 euroko partida gorde dute aurrekontuetan.
- Lekueder plazako urbanizaziorako 80.000 euro. Zorua berritu nahi dute, bereziki.
- Sigma eta Altzolan inbertsioak: 100.000 euro. EHBildurekin hiru urterako adostutako laguntza planaren hirugarren urtea falta da gauzatzeko. Hala, bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko lanak egingo dituzte Altzola eta Sigma auzoetan, azken bi urteetako lanari jarraipena emanez.
- Landa lurretan lanak egiteko 185.000 euroko diru poltsa osatu du Udalak. Auzo eta baserrietarako bideak hobetu eta ustelduta dagoen Aiastiako Murkaikupe frontoiaren teilatua konpontzeko erabiliko dute diruaren zati bat.
- Juan Mugertza kaleko konponketak: 65.000 euro. Karakoletik San Rokeko zubira arteko horma eta honen gainean dagoen sare metalikoa berritu nahi dituzte.
- San Rokeko zubiko konponketak 87.000. Trenbide kaletik Olaizaga kiroldegira joateko bidegurutzera arteko San Rokeko zubia urbanizatu nahi dute, San Roke kalean goraxeago egin duten moduan.
- King-kong zubiko konponketak: 15.000 euro. Zubiaren zati batean dauden koskak kendu nahi dituzte.
- Andonegi etxe ingurua urbanizatzeko 30.000 euroko partida sortu dute. Andonegi etxetik King-kong-eko autobus geltokirainoko lurrezko bidea txukundu nahi dute.
- Santa Klarako espaloia eta haur parkea txukundu eta urbanizatzeko 30.000 euro.
- Mugiezinetan konponketak: 80.000 euro.
- Hiri-altzariak 50.000 euro.
ARGAZKIAK: inbertsio nagusiak