Elgoibarko Udaleko hirigintza zinegotzi Ricardo Garatek jakinarazi duenez, bost bat egun beharko dituzte behargiñek King-Kong zubiko zorua berritzeko. “Astelehenean hasiko dituzte lanak eta ostiralerako amaituta egotea espero dugu, eguraldiak laguntzen badigu”. Zubiaren hasieran, -San Frantzisko kaletik- eta erdialdean dauden koskak kendu eta maila berean lagako dute zubiko zorua. “Orain duenaren antzerako itxura izango du, baina koskarik gabe”, esan du Garatek. Hirigintza zinegotziaren berbetan, koskak kentzeko eskari asko jaso dituzte, Urazandira enkarguekin edo ume-aulkiekin igo behar izaten duen jendearena, batez ere.
• Bide alternatiboak
Lanek irauten duten bitartean itxita egongo da zubia eta beste bide batzuk erabili beharko dituzte Urazandi auzoko bizilagunek zein autobus geltokiko erabiltzaileek. Bi aukera nagusi izango dituzte Urazandira joan etorriak-egiteko: Maalatik 634 errepidea gurutzatuta edo Pilarreko zubitik, errepide azpiko tunela pasatuz. Herri Eskolara oin alai programarekin joaten diren lagunek ere bi bide horiek erabili beharko dituzte.
Elgoibarko Udalak 13.682.562,85 euroko aurrekontua onartu du 2015erako, eta aurrekontuaren %14,10 inbertsioetarako bideratuko dute, 1.929.263,5 euro hain justu ere. Horietan aurreikusitako lehen lana izango da king-kong zubian konponketak egitea. 15.000 euroko aurrekontua dute lanok eta Murgil eraikuntza enpresak egingo ditu.
Era berean, Andonaegi etxe ingurua urbanizatu eta King-kongeko autobus geltokirainoko bidea asfaltatzeko lanak “martxo hasieran” hasiko dituztela aurreratu du Ricardo Garatek. 30.000 euroko kostua izango du.