1925ean hasitako ohiturari eutsiz, Etxegiñaa taldeko kideak herriko kale eta auzoetan barrena santa eskean irtengo dira otsailaren 7an. Entseguak, otsailaren 3an eta 5ean izango dira, Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan. Etxegina taldeko koruetan parte hartu nahi duenak entseguetara azaldu besterik ez du. 20:00etan hasiko dira entseguak. Etxegiña taldekoak Bolatokian batuko dira otsailaren 7an, 9:00etan, eta urteroko ibilbidea egingo dute kantuan. Bi taldetan banatuta arituko dira kantuan, harik eta bi taldeek Urazandi auzoan berriz bat egin arte. La Union elkartean hamarretakoa egin ondoren, kaleak koplatuz jarraituko dute guztiek elkarrekin. Ohi duten legez, German Uriguen "Etxegiña" zenak idatzitako salbea abestuz amaituko dute santa eskea, eta gero Baltasar elkartean egingo dute bazkaria.
• Hiru talde Mendaron
Mendaron, berriz, 8:30ean batuko dira udaletxeko plazan, eta hiru taldetan banatuta, herrik baserri-auzoak eta kalea koplatuko dituzte. Sei bertsolari arituko dira koplatan, talde bakoitzeko bina, eta dagoeneko osatu dituzte bikoteak: Gregorio Larrañaga Mañukorta eta Xabat Galletebeitia, Aitzol Urain Bidaburu eta Beñat Ugartetxea, eta Beñat Lizaso eta Asier Lazarobaster Agarre. Bertsolariei laguntzen herriko trikitilari taldekoak arituko dira, eskera batuko diren herritarrekin batera, eta egun horretan batzen duten dirua Mendaroko Arno guraso elkartekoentzat izango da. 15:00ak alderako amaituko dute kantuan, eta ondoren, elkarrekin bazkalduko dute guztiek Aizpe gastronomia elkartean.