Sallobente-Ermuaran auzoko Garagartza baserrian jaio ziren Agurne Muguruza (1935) eta Nati Muguruza (1938) ahizpak. Umetatik baserrian lan egin beharra izan zuten, baina, ezkondu ostean, kalean jarri ziren bizitzen. Euren ume eta gazte denboran oso auto gutxi zegoela Elgoibarren dute gogoan. “Bi edo hiru kotxe ezautu douz Elgoibarren guk”, diote. Urruzuno auzoan jaio zen Dionisio Txurrukak (1920) ere halaxe oroitzen ditu Elgoibarko kaleak, autorik eta trafikorik gabe, alegia. “Gaur egun kalean bakarrik ezin dira utzi jolasten umeak errepideekin arriskua dutelako”. Asko aldatu den beste gauza bat erdigunean zeuden baserriak desagertu egin direla izan da. “Etxezuri, zauan Toletxe, zauan Usetxe, zauan Artetxe... Pentsau zenbat baserri zauden hemen” dio Mugurutza inguruan bizi den Natik. Dioniso Txurrukak ere akorduan dauka San Bartolome kalean zegoen baserria. “Pepei deitzen zioten baserriari eta ganaduak eta guzti izaten zituen”. Gerora tailerrak eraiki zituzten baserri horien artean eta piskanaka desagertuz joan ziren baserri horiek. Honako bideoan ikusi eta entzun ditzakezue Agurne eta Nati Muguruzaren oroitzapenak:
Ahotsak.com-en aurkituko dituzue Agurne Muguruza eta Nati Muguruza ahizpen bizitzako pasarte gehiagoren bideoak.