Arkaitz Egaña txapeldunorde Espainiako Ehiza Xehe Txapelketan

Barren.eus 2015ko ots. 2a, 15:18

2012an lortu zuen titulua eskura izan du oraingoan ere Arkaitz Egaña ehiztari elgoibartarrak. Espainiako Ehiza Xehe Txapelketa jokatu zuten zapatuan Toledon, eta bigarren postuan sailkatu ziren La Union elkarteko ehiztaria eta Sol txakurra.

Fuensalida (Toledo, Espania) herriko El Castillejo ehiza barrutian jokatu zuten Espainiako 66. Ehiza Xehe Txapelketa, joan den zapatuan, urtarrilaren 31n. Toledoko Yebenes herrian jokatzekoak ziren txapelketa abenduan, baina bi bider atzeratu behar izan dute: eguraldiagatik lehenengoan eta ehiza nahikorik ez zegoela-eta, parte-hartzaileek hala erabakita bigarrengoan. Honenbestez, 2014 urteari zegokion txapelketa 2015ean jokatu dute, eta Yebenesen beharrean Fuensalidan. Gainera, berrikuntza nagusi bat izan du txapelketak, ehiztariek ezin izan baitute txapelketa jokatu behar zen ehiza-barrutiari bisitarik egin, Espainiako Ehiza Federazioak hala erabakita. Estreinakoz hartu dute erabaki hori eta ingurunea ezagutu gabe, erreferentziarik gabe, lehiatu behar izan zuten ehiztariek. 

Fernando del Campo Sierra madrildarrak irabazi zuen txapelketa gizonezkoetan eta Extremadurako Ana Maria Verdascok emakumezkoetan. Ehiztari madrildarrak sei eper, bi erbi eta sei untxi ehizatu zituen Roa txakurraren laguntzarekin. 6.670 puntu eskuratu zituen. Arkaitz Egaña elgoibartarra eta Sol txakurra sailkatu ziren bigarren postuan. Sei eper, bi erbi eta hiru untxi ehizatu zituzten Euskadiko egungo txapeldunak diren Egañak eta Solek. Guztira 5.345 puntu lortu zituzten. Jose Manuel Cobo sailkatu zen hirugarren, 5.345 punturekin.

• "Nire bizitzan ez dut horrenbeste eper ikusi"

Ehiza ugari zegoen barrutian, “gehiegi” ere bai zenbait ehiztariren ustez. Arkaitz Egaña ere iritzi berekoa da. "Sekula ez dut ikusi Fuensalidan adina eper. Gainera, ehiztari gutxi ibiltzen da barruti horretan, eta hori dela-eta, agian, normala dena baino eper errezagoak topatu genituen ehizarako. Ehiztari eta kirolari gehienok, baina, aukeran, nahiago dugu ehiza basatiagoa, ehizatzea kosta egiten dena. Horrela hobeto neurtu daiteke-eta ehiztariaren abilidadea eta meritua”. Datuek berresten dute ehiztarien iritzia. Finalean parte hartu zuten hogei ehiztariek ehizatu zituzten sei eper, hau da, araudiak ezartzen duen muga. Arkaitz Egañak proba hasi eta berehala, lehen orduerdian, lortu zuen ehizatu zitezkeen eperren kupora iristea, eta ehizatu zitezkeen bi erbiak ehizatzen ere ez zuen denbora asko behar izan. Alabaina, argi zuen gainerako ehiztariek ere azkar ehizatuko zituztela piezak eta untxien bila hasi zen. Hiru ehizatu zituen eta Sol txakurrak ere zauritutako eper bat ekarri zion, hori ere puntuagarria. Espainiako txapelketaren finalean egindako lanarekin "oso gustura" geratu da Egaña, bereziki, eduki zituen aukea guztiak oso ongi aprobetxatu zituelako. Egin duen ehiza denboraldia ere aparta izan da. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi ditu eta bigarren postuan sailkatu zen Espainiako txapelketaren finalerdietan eta finalean. 

2015 01 31 espainiakoehizatxappodium
2015 01 31 arkaitzegaapodiumeanalabagaz0

 

Lotura duten albisteak: