Kadete mailako Euskal Ligarako igoera fasea jokatu dute asteburuan Olaizaga kiroldegian. Lau talde aritu dira lehian: Bankoa Elgoibar, Bidasoa, Urdaibai eta Saieko.
Sanloko kadete mutilen taldeak Donostiako Saieko taldearen aurka jokatu zuen igoera faseko estreinako partida barixakuan. Zaleen aurrean jokatzeak ez zituen urduri jarri elgoibartarrak eta etxeko taldeak bikoiztu egin zuen markagailuan Donostiakoa: 38-18 amaitu zen partida. Lehen jardunaldiko bigarren norgehiagokan, Bidasoak 35-26 irabazi zion Urdaibairi.
Zapatuan Urdaibairen aurka jokatu zuen Bankoak eta gol zaparrada jaso zuten bizkaitarrek. 37 gol sartu zizkion Bankoak Urdaibairi eta 20 besterik ez zituzten jaso. Bidasoak ere nagusitasunez irabazi zion bere partida Saiekori, 30-41 emaitzarekin. Hortaz, azken jardunaldia jokatzeko faltan, Euskal Ligarako sailkatzea lortu zuten matematikoki Bankoa Elgoibarrek eta Bidasoak, igoera faseko bi talde onenentzako baitzegoen lekua Euskal Ligan.
• Ohorea jokoan azken partidan
Garaitu gabeko bi taldeek elkarren aurka jokatu zuten azken partida, igoera fasea irabazteko ohorea besterik ez zegoela jokoan, baina elgoibartarrek oina azeleragailutik altxa gabe jarraitu zuten, eta zortzi goleko aldeaz irabazi zion Bidasoari, 38-36ko emaitzarekin.
109 gol sartu ditu Bankoa Elgoibarrek asteburuan jokatutako hiru partidetan, batez beste, partidako 36 goletik gora. Eta aldiz, 66 gol jaso dituzte, 22 partidako.
• Igoera faseko emaitzak
Ostirala, 30
Bidasoa 35 - 26 Urdaibai
Bankoa 36 - 18 Saieko
Larunbata, 31
Saieko 30 - 41 Bidasoa
Bankoa 37 - 20 Urdaibai
Igandea, 1
Urdaibai 40 - Saieko 38
Bidasoa 28 – 36 Bankoa