Elgoibarko Udalak eta Lokarrik Bizikidetza eta adiskidetzeari buruzko kultura bultzatzeko 2012an abian jarri zuten egitasmoaren barruan, giza eskubideen inguruko jardunaldiak antolatuko zituzten iaz, Giza Eskubideak: urraketatik erreparaziora izenpean. Kafe-tertulia formatuko hiru hitzaldi izan ziren. Jarraipena izango dute aurten jardunaldiok, eta antolatzaileen berbetan, biktimen sufrimendura hurbiltzeko ahalegina egingo dute prestatu dituzten hiru saioetan.
• Sufrimenduaren errealitatera hurbilduz hitzaldia
Lehen saioa otsailaren 11n, eguaztenean, izango da. Iker Uson, Baketik fundazioko kideak, Sufrimenduaren errealitatera hurbilduz hitzaldia eskainiko du. Inazio Bereziartua Musika Eskolan izango da, 19:00etan hasita. Hitzaldiaren ostean solasaldirako aukera izango da partaideen eta hizlarien artean. Parte hartu nahi izanez gero, 943 251 005 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena, edo helbide honetara idatziz: info@baketik.org
• Biktimen testigantzak, abenduaren 13an
Bigarren hitzaldian, biolentzia ezberdinen biktimen testigantzak izango dira. Hiru biktimak hartuko dute parte: Rosa Roderok, ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren emazteak; Pili Zabalak, GALek 1983an bahitu eta hil zuen Joxi Zabalaren arrebak eta Jose Miguel Gomezek, ETAk 1997an hil zuen Martutene espetxeko psikologoa eta ELA sindikatuko kide Francisco Javier Gómez Elosegiren anaiak. Hirurek euren sufrimenduen testigantzak azalduko dituzte. Otsailaren 13an izango da, musika eskolan (19:00).
• Antzerki foruma, otsailaren 25ean
Eta hik zer izeneko antzerki forumarekin amaituko dira jardunaldiak otsailaren 25ean. Egungo testuinguru sozial eta politikoan elkarbizitza eta adiskidetzea sustatu asmoz sortu dute Antzerki-foruma: Eta hik zer? ekimena. Gure elkarbizitzan sakontzeko "elkargune bat" izan dadin. Hiru galderen inguruan hausnartzeko espazioa da antzerki foruma: Zer gertatu da eta zergatik? Zer egin dezakegu orain? Zer egin dezakegu etorkizunean errepika ez dadin?
Antzerki-lan labur bat antzeztuko da aipatutako gaiarekin harremana duten bost istorio laburrekin. Ondoren, ikusleei galdetuko zaie kontakizunaren zein puntutan gerta litekeen aldaketaren bat amaiera positiboago batera bideratzeko. Orduan, ikuslegoa istorioaren parte sentitzen hasiko da. Iradokizunak, momentuan, bat-batean asmatuko dira eta azkenean ikusleak beraiek izango dira ikusi nahi dituzten aldaketak adierazten dituztenak, taula gainean, aktoreekin batera. Horrela, antzerki-lan bera ikuspegi desberdinetatik kontatu ahal izango da, ikusleen iradokizunen arabera, hauek norabide aldaketa positiboa ematera gonbidatuko direlako."Bi orduko esperientzia pertsonal bat da, gure iragan hurbilera so egin eta etorkizun kolektiboa beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera ematen diguna", azaldu du Iker Usonek. Euskal Herriko ehun bat herritan antzeztu nahi dute antzezlana. Urnietan estreinatuko dute zapatu honetan eta Elgoibarkoa izango da bigarren emanaldia, otsailaren 25ean.
Ekimen hau Bakearen Itsasargian (Donostia2016) kokatzen da. "Itsasargi honek kultura eta hezkuntzaren baloreak sustatu nahi ditu, horiek baitira, bakerako kultura bat bultzatu asmoz, gatazkak konpontzeko eta aginte modu berriak sortzeko gakoak". Proiektu honetan indarrak batzen dituzte Donostia/San Sebastian 2016k eta Baketik-ek, pertsona, hezkuntza, elkarbizitza, erakunde eta gizarte mailako eraldatze- prozesuak bultzatzen dituen fundazioak.
∞Lotura duten albisteak:
- Giza eskubideei buruzko hitzaldia emango du Andres Krakenbergerrek (2014-03-18)
- 'Indarkeriaren hausturak eta bizikidetzaren berreraikitzea' hitzaldia emango du Carlos Martin Beristainek (2014-03-11)
- Giza eskubideen inguruko jardunaldiak egingo dituzte martxoan Elgoibarren (2014-02-26)
- Bizikidetza lantzen jarraituko dute Lokarrik antolatutako foroetan (2013-02-20)
- Elkarbizikidetza proiektuak aurrera jarraitzen du (2013-01-10)
- Eguenean aurkeztuko dute jendaurrean “Elgoibar bakea eraikitzen’ egitasmoa (2012-05-16)
- ‘Elgoibar bakea eraikitzen’ ekimena bultzatuko du Elgoibarko Udalak (2012-04-20)