Euskadiko duatloi sprint txapelketa irabazi du Iñaki Kondek 60-70 urte bitartekoen kategorian

Barren.eus 2015ko ots. 19a, 12:12

Joan zen larunbatean Euskadiko duatloi sprint txapelketa jokatu zuten Sopelan, eta Iñaki Konde elgoibartarrak jantzi zuen txapela 60-70 urte bitartekoen kategorian.

Partaideek bost kilometro egin zituzten korrika, 20 bizikletan eta gero beste 2,5 kilometro korrika. Sari banaketa ekitaldian Marta San Martin elgoibartarrak hartu zuen parte, eta berak eman zion saria Iñaki Konderi (goiko argazkian). Marta San Martin nazioarteko epaile ofiziala da, eta Euskadiko Federazioaren ordezkaria.

Oier Ariznabarreta garaile

Oier Ariznabarreta durangarrak irabazi zuen Sopelako duatloia, eta Euskadiko Txapeldun ere geratu zen sprint distantzian, proban bi txapel baitzeuden jokoan. Aski ezaguna da Ariznabarreta Elgoibarren eta Mendaron, bietan irabazi baititu makina bat proba: Karakateko igoetra, Azkaratekoa edo Arnoaterkoa, besteak beste. Mugertza krosean ere hartu ohi du parte eta joan den domekan Mintxetan jokatu zen Euskadiko kros txapelketan ere izan zen, bezperan Sopelako duatloia irabazi eta gero.

Emakumezkoetan Nuria Rodriguez nafarra izan zen irabazlea.