Motxaila Eguna ospatuko dute mendaroarrek otsailaren 28an, garai bateko sasikopotzu ohiturari jarraituz, eta goizean goiz hasiko dituzte ospakizunak, Haitzbeltz kobazulora egingo duten irteerarekin. Bestetik, Aingeru Guardako jaiak hasiko dituzte gaur zortzi, otsailaren 27an, eta jaietako egitarauaren barruan, zapatuan, otsailaren 28an Arnoateko Igoera jokatuko da. 11:30ean hasiko da lasterketa Plaza auzoan, autopista azpiko zubitik eta 4,5 kilometro egin beharko dituzte korrikalariek handik Arnoate baserriko atariraino. Domekan, berriz, Aingeru Guardako ermita inguruan batuko dira mendaroarrak, zaindariaren omenez, eta ondorenerako bertso-bazkaria antolatu dute, Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia bertsolariekin.
Motxaila Eguna
Motxaila Eguna antolatu dutenek 9:30erako jarri dute batzeko ordua. Gaztetxe aurrean batuko dira ordu horretan Haizbeltz kobazuloraino igotzeko, eta han, 11:30ak aldera, dantza, bertsoak eta kantua uztartuko dituen saioa izango dute. Ondoren, 15:00etan, elkarrekin bazkalduko dute denek, Gaztetxean (Aitzbeltz tabernan eman behar da izena bazkaritarako). Bazkalostean, Inozentzio Clownen ikuskizuna izango dute, musikak lagunduta, eta arratsaldean, trikiti-poteoa Alaia Martin eta Jokin Uranga bertsolariekin.