Etorkizun ekonomikoa abiaraziz izeneko ekitaldia antolatu zuen Gipuzkoako EAJ-PNVk joan den zapatuan Elgoibarren. Eta, bertan parte hartu zuten Gipuzkoako Diputatu Nagusigai Markel Olanok, Eider Mendoza eta Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietarako hautagaiek, eta Debabarrenako zenbait Udaletako jeltzaleen zerrendaburuek: Elgoibar (Ane Beitia), Eibar (Eva Juez), Soraluze (Iker Aldazabal), Mutriku (Jose Ángel Lizardi) eta Deba (Cristobal Del Corte).
Gipuzkoako eta, bereziki, Debabarrena eskualdeko ekonomiaren egoera aztertu zuten. Ekonomiaren garapenak industriaren eskutik etorri behar duela azpimarratu zuten, eta horretarako hezkuntza “ezinbestekoa” dela, langile prestatuak izateko. Zerrendaburuen ustez, eskualdea elkarlanean aritzea ere ezinbestekoa da. Gainera, turismoa eta etxebizitza aipatu zituzten ekonomia sustatzeko beste tresna bezala.
Jardunaldia amaitzeko, Markel Olanok segidakoa azpimarratu zuen: “Erronka nagusia izango da enpresekin harremana eta komunikazioa sendotzea, izan ere, Bilduk ez du enpresekin ia harremanik izan, aurreiritzi ideologikoak dituelako”. Horren harira, Olanok enpresen garrantzia azpimarratu zuen, izan ere Gipuzkoako lanpostuen %85 sortzen dute. Gainera, Gipuzkoak industria-sare handia du, hain zuzen ere, lehiakorrak izaten jarraitzeko mantendu behar dugun sarea, betiere, inor bazterrean utzi gabe. Izan ere, enpresa txikiek ezin dute garatzen jarraitu enpresa esportatzaileak gabe”.
•Urtero 50 milioi euroko programa berezia
Era berean, Markel Olanok EHBildu kritikatu zuen: “Azken lau urteetan Bilduk ez du ekonomia lehenetsi. Ez du plangintzarik egin eta pixkanaka ekonomia sustatzeko aurrekontu-sailak murriztu ditu, kultura politikoa arazoa duelako. Beraz, jarrera horri aurre egiteko eta industria laguntzeko, EAJ-PNVk konpromisoa hartu du enpresei laguntzeko urtero 50 milioi euroko programa berezia egiteko”. Gainera, Olanok esan zuen, langileek parte hartu behar dutela enpresen erabakietan zein kapitalean, lehiakorrak izaten jarraitzeko, proiektuek Gipuzkoan bizirauteko eta erabakitzeko eskubidea ez galtzeko.
Zerga politika ere hizpide izan zuen Olanok. “Zerga politikak enpresei laguntzeko tresna izan behar du eta ez soilik dirua-biltzeko tresna. Gainera, enpresa barruko ekintzailetza sustatu behar dugu, izan ere Gipuzkoan baditugu ezagutza handiko tresnak, besteak beste, bioteknologia eta nanoteknologia, eta horiekin ere ekonomia sustatu dezakegu”.