Mendiko eskian Euskal Herriko txapelketa irabazi du Iñigo Larizek

Barren.eus 2015ko ots. 25a, 18:34

Karolo Bandres memoriala jokatu zuten asteburuan Izaba eta Belagua inguruetan. Zapatuan kronoigoera proba jokatu zuten, eta domekan berriz, bakarkako distantzia luzeko proba, bietan Euskal Herriko txapelak jokoan zirela. Gizonezkoen mailan Iñigo Lariz elgoibartarra gailendu zen bi probetan. (bideoa dauka)

 Zapatuan jokatu zuten Karolo Bandres memorialeko kronoigoeran, partaideak Izabako plazatik abiatu ziren korrika eskiak bizkarrean hartuta. Lau kilometroko ibilbidean 600 metro igo behar zituzten eta Iñigo Larizek hasieratik amaierara arte eduki zuen kontrolpean proba. "Kilometro eta erdi inguru korrika egin behar genituen, eta saltaka ondo moldatzen naizenez, neure erritmoa ezartzea erabaki nuen", azaldu du. Hasieratik tartea egitea lortu zuen eta areagotu egin zuen aldea eskiak jantzi zituztenean ere. Nagusitasunez irabazi zuen proba.

Domekan distantzia luzeko proba jokatu zuten Belagua inguruko basoetan barrena. Elurte handia bota zuenez, antolatzaileek basoan jokatzea erabaki zuten, elur-jausietarako arrisku gutxiago egoten delako. Bete-betean asmatu zutela antolatzaileek Larizen esanetan, eta ibilbidearen ikusgarritasuna nabarmendu du. Ordubete, 50 minutu e3ta 59 segundoan bukatu zuen proba, lehen postuan. Gerard Garretak (1:53:00) eta Mikel Nabarrok (1:58:54) osatu zuten podiuma.
Larizek egin modura, Nahia Quinquoces mendexarrak ere lehen postuan amaitu zituen asteburuko bi probak. Hortaz, Karakateko igoerako azken bi irabazleak igo ziren podiumaren gorenera Izaban ere.

Carolo Bandres memoriala irabazteaz gainera, Euskal Herriko txapelketa ere eskuratu dute Larizek zein Quincocesek. Joan den asteburuko bi lasterketak benetan borobilak irten zaizkiola azaldu du Larizek. "Orain arte, negu honetan, ez dut sentsazio oso onak izaterik lortu, baina nire gorputzarekin oso gustura sentitu nintzen asteburuan".

•Zuzenian kilometro bertikaletik Altitoyra

Domeka honetan eskiak albo batera lagako ditu Larizek Azpeitiko Zuzenien Kilometro Bertikalean parte hartzeko. Gainera, bertikalen Euskadiko Txapelketa ere jokoan izango da Azpeitiko lasterketan. Gizon zein emakumeetan, lehen hiru sailkatuek Euskadiko selekzioarekin lehiatzeko txartela eskuratuko dute. Gero, hamabost egun barru, berriz ere elurretara joango da, Mikel Nabarro urretxuarrarekin batera Altitoy mendi eski proban parte hartzeko. Luz Saint Sauverren, Frantziako Pirinioetan, jokatuko da Altitoy Ternua lasterketaren 8. edizioa, martxoaren 7an eta 8an.

Iñigo Lariz eta Arkaitz Irureta elgoibartarren berbak jaso dituzte ETB-koek ondorengo laburpen bideoan: