Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, janaria osten saiatu da gizonezko bat, gaur goizean, Eroski supermerkatuan. Dendako behargiñek, baina, aurre egin diote eta ez diote ordaindu gabeko jeneroa dendatik ateratzen laga. Dirudienez, nahi zuena lortu ez duela ikusita, sarrerako beirazko atea kolpatu du indarrez eta kalteak eragin dizkio. Elgoibarko udaltzainek susmagarriaren deskripzioarekin bat egiten zuen gizonezko bat atxilotu dute handik gutxira, eskuan lapurretak egiteko erabili ohi diren burdin zatia soinean zuela. Udaltzainek susmagarria identifikatu, Ertzaintzari deitu, eta Eibarko epailearen eskuetan laga dute.
• Lapurreta, Kaxeta elkartean
Barixakutik zapaturako gauean gertatu zen lapurreta Arriaga auzoko Kaxeta elkartean. Lapurrak indarrez sartu ziren Kaxetara, ateetako bateko zarraila behartuta. Elkarteko bi telebista eta ordenagailua eraman zituzten, eta baita jatekoa eta edana ere. Elkarte barruko bi ate ere behartu zituzten, eta bulegoan ere sartu ziren, ustez diru bila. Dirurik ez zuten, baina, elkartean. Hala ere, bulegoko paper guztiak astindu eta hankaz gora utzi zuten dena, elkartekideen esanetan.